Asparreneko aurrekontua iazkoa baino %25 handiagoa izango da 2021ean

Erredakzioa 2021ko ots. 5a, 18:01

Asparreneko udaletxea, Araian. / ALEA

Asparrenak lau milioi euroko aurrekontua izango du 2021ean. Inbertsioen artean, konposta egiteko planta, industrialdeko sarbideak konpontzea, ikastetxe publikoaren estalki termikoa eta aterpetxe bat eraikitzeko Korta zaharraren eraikina egokitzea.

Asparreneko Udalak 2021erako aurrekontuak onartu ditu EH Bilduko bost zinegotzien aldeko botoekin eta EAJko hiru zinegotzien aurkakoekin. Inma Albizu Asparreneko jarduneko alkatea "pozik" agertu da aurrekontuen onespenarekin: "Horri esker, udalerriak berebiziko garrantzia duten proiektuak egiten jarraitu ahal izango du, Covid-19ak eragindako krisi sozioekonomikoak egoera zaildu duen arren", adierazi du.

Guztira, 4.025.817 euroko aurrekontua izango du Asparrenak, 2020an baino %25 handiagoa. Aurrekontua handitu egin da, besteak beste, hainbat inbertsiori aurre egiteko diru laguntzak eskuratu dituelako.

Konposta, industrialdea eta ikastetxea

Inbertsio nagusien artean, nabarmentzekoa da konposta egiteko 1.200 metro koadroko instalazio baten eraikuntza, Arabako Lautadan sortutako hondakin organikoak Gasteizera eraman ez daitezen. Lautadako ekialdeari emango dio zerbitzua, eta urtean 200 tona hondakin organiko inguru tratatzeko aukera emango du. 400.000 euro inbertituko dira proiektuan.

Bestalde, 600.000 euro inguru erabiliko dira Asparreneko industrialdeko sarbideak konpontzeko. Puntu arriskutsu hori hobetu egingo da, biribilgune zatitu berri bat jarriz ibilgailu astunen biraketa errazteko. Halaber, A-3020 errepidetik industrialdera, eta alderantziz, modu seguruan sartzeko azelerazio eta dezelerazio errei berriak eraikitzea ere sartzen da inbertsioan.

Energia eraginkortasunaren arloan, Araiako ikastetxe publikoan estalki termikoa jarriko da, kontsumoa eta karbono dioxidoaren emisioak aurrezteko. Energiaren %48 aurreztuko dela aurreikusi da, eta aurrekontua 420.000 euro ingurukoa da.

Konponketak

Eremu publikoan, konponketa batzuk aurreikusi dira: Iduia auzoa hobetzeko obrak, Santsaerreka kalea urbanizatzea eta Askazubizarren saneamendu-sare berria jartzea, igerilekuetako sarbideak eta instalazioak hobetzea, eta gazteek aire zabalean jolasteko espazio bat egokitzea.

Gainera, beste 117.000 euro inbertitzea aurreikusi da, Korta zaharraren eraikina zaharberritu eta aterpetxe bihurtzeko.

Elikadura

Halaber, Landa Garapeneko Elkartearekin lankidetzan, Asparrenak elikadurari buruzko programa bat jarriko du abian 2021ean. Horretarako, eskualdeko ekoizleak identifikatu nahi dituzte, gerora herrian eskaintzen diren zerbitzuei eguneko zentroa, etxebizitza komunitarioak edo jantokia elikagai osasungarriak eta zero kilometrokoak eskaintzeko.

Inbertsio-plana

Aurrekontuarekin batera, Udalak argi berdea eman dio 900.000 eurotik gorako inbertsio-planari. Besteak beste, karabana-aparkalekua eraikitzea aurreikusi dute, kiroldegi zaharra birgaitzeko eta berrerabiltzeko proiektuarekin batera. Horrekin batera, Zirauntza-Arakil ibai-parkearen 4. zatia egokitzea; Marutegi eta Egilazko Dolmen arteko bidea berreskuratzea eta konpontzea, eta Marutegiko gazteluan egin beharreko lanak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago