txelo auzmendi

"Uraren kudeaketa gure eskumena da, eta kito"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2022ko urr. 14a, 06:00

Txelo Auzmendik zortzi urtez daramatza alkatetzan. E.U.

Asparreneko Udalean energia berriztagarrien alde egiten ari diren apustuarekin batera, uraren antolaketaren erronkari eutsi nahi dio Txelo Auzmendi EH Bilduko alkateak.

Uraren kudeaketa eta trantsizio energetikoa dira Txelo Auzmendi (Araia, 1960) Asparreneko alkateak legealdiko balantzean gehien aipatu dituen gaiak. Horretan indar eta diru asko inbertitu ditu udalak, eta etorkizunera begira ere lan ildo nagusiak horiexek izango dira. Energia berriztagarrien beharra azpimarratu du Auzmendik, eta ez du alboratu parke eolikoa jartzea; alta, Aixeindarren eredua arbuiatu du: "Ezin da onartu guk gorputza jartzea eta zuek, dirua duzuelako, inbertsioa egitea, etekina eramatea eta faktura igotzea". 

Hirugarren legegintzaldian alkategaia izateko prest? Errepikatuko duzu?

Orain hasiko gara erreleboa bilatzen. Ni nekatuta nago eta gustatuko litzaidake ordezko bat topatzea, nahiz eta laguntza eta eskarmentua emateko prest nagoen.

Gauza asko geratuko dira egiteke?

Uste dut zortzi urte beharrezkoak direla gauzak ondo egiteko. Lehenbiziko legealdia kokatzeko izaten da, eta bigarrenean eskarmentua nabaritzen da; gainera, gure aurreko legealdia oso gogorra izan zen, indarren korrelazioa ere oso gogorra zelako. Honetan, aldiz, askoz erosoago egon gara, gehiengoa daukagulako alde batetik, eta oso ekipo ona osatu dugulako, bestetik. Nire ustez, legealdi guztietatik hau izan da lantalderik onena. Pena otsailean hil zela gure zinegotzi maitatu bat (Gotzon Lopategi), eta hutsune handi-handi bat utzi digu. Kirola eta kultura gaiak lantzen zituen, eta asko nabari da falta dela.

"Ezin da Aixeindar etorri eta esan: 'Azazetan jarriko ditugu'. Zergatik? Dirua duzulako?"

Kexa eta mozioa onartu zuen udalak maiatzean, osasun zentroaren egoeragatik. Konpondu dira arazoak?

Nik uste dut bere ondorioak izan dituela jendea mobilizatzeak, eta nabaritu da ahalegin txiki bat egin duela Osakidetzak zerbitzua emateko. Asteburuetako larrialdiak eta beste zerbitzu batzuk galdu ditugu, baina gainbehera eten egin da.

Eguneko Laguntza Zentroko jantokiko zerbitzu berria martxan jarri du udalak. Ondo joan da?

Pasa den legealditik gure helburua da gizarte zerbitzuak gure eskumena izatea, baina ezinezkoa izan da foru aldundia berean setatuta dagoelako eta dena bere kontrolpean izan nahi duelako. Guk hemen ditugu eguneko zentroa eta etxebizitza komunitarioa, eta hutsuneak daude. Eguneko zentroak, adibidez, bazkaria ematen du, astelehenetik ostiralera arte, baina ikusten genuen bezero batzuek asteburuetan ere beharra zutela bazkaria jasotzeko. Hitz egin genuen foru aldundiarekin horren inguruan, eta esan ziguten ezetz, ez zigutela zerbitzu hori diruz lagunduko; beraz, gure zenbakiak egin genituen, eta maiatzean hasi zen funtzionatzen jantokiko zerbitzua asteburuetan eta jaiegunetan. Gure balorazioa ere oso positiboa da, behar duten adinekoei gutxienez bazkari egoki bat bermatzen diegulako.

Gazteen partetik, zer eskaera jaso ditu udalak?

Guretzat pandemia traba handia izan da, eta zentzu horretan adinekoekin pandemia garaian gauza asko egin ahal izan genituen, baina gazteekin ez. Agian gazteek uste dute ez ditugula babestu, baina saiatzen ari gara programa bat aurrera ateratzen, gazteleku bat dute…  Zaila suertatzen zaigu gazteekin konektatzea, haiek ere ez dira etortzen hitz egitera edo eskatzera... Orain gazteentzat parke bat prestatzen ari gara.

Noiz hasiko da kiroldegi zaharra eraberritzeko obra?

Aurretiazko zirriborroa eginda dago eta Next Generation funtsetatik diru laguntza eskatu dugu. Eraikin hori eraberritzeko eta berrerabiltzeko inbertsio handia behar da, eta aurten erantzuna izango dugula uste dut, baina atzeratzen ari dira.

"Ajuria fabrika jabe pribatuarena da; saldu nahi du, baina diru asko eskatzen du" 

Zertan dago Ajuria fabrika eta inguruak berreskuratzeko proiektua?

Gai korapilatsua da. Udalak ahal duena egin du. Teilatutik fibrozemento osoa kendu dugu, diru laguntza batzuk eskatu genituelako horretarako, baina txiripaz sartu ginen diru laguntza horietan, Ajuria ez delako gurea, Ajuria S.A enpresarena baizik. Jarduera ekonomikorik ez duen enpresa da, eta Madrilen bizi da jabea. Berarekin egon gara; eraikina saldu nahi du, baina diru asko eskatzen du. Beraz, fabrika bera berreskuratzeko arazoak daude. Soilik burdinezko egitura geratzen da, eta agian baten bati irudituko zaio ez duela pena merezi hori berreskuratzea, baina gure historiaren parte da, eta gure ondarea, eta gustatuko litzaiguke berreskuratzea. Halaber, Basquetour-ekin eta Eusko Jaurlaritzarekin modua bilatzen ari gara ondare industrialaren aldarrikapena egiteko, baina jabe pribatuarena denez, Eusko Jaurlaritza ez da ausartzen urrats gehiago egitera, eta espedientea geldituta dago.

Arrazpi harrobiaren ingurua berreskuratu duzue, ezta?

Bai. Oso auzolan polita izan da. Mendiko harrobi zahar bat da Arrazpi, eta hortik Ajuriarentzat harriak ateratzen ziren; gainera, harginek ere bertan lan egiten zuten, eta harriak kable bidez jaisten zituzten labe garaira. Espazio hori erabat abandonatuta zegoen, eta bizilagunek berreskuratu dute, foru aldundiaren ingurumen sailaren dirulaguntza batekin. Dinamita gordetzen zuten lehengo txabola berreskuratu dute, kable-sarearen parte bat, zamalekua… Sekulako lana egin dute auzolanean, eta orain hori guztia dokumentatu behar dugu. Kontua da Ajuriaren inguruan ez dagoela soilik fabrika bat, iturburua dago, ubideak, zentral hidroelektrikoa, harrobiak… Paisaiaren jardunbide plan batean jasota dugu Ajuriaren inguruko historia guztia, burdinola bat zegoen tokian labe garaia nola sortu zen azaltzeko, eta horrekin guztiarekin ibilbide tematiko bat antolatu nahi dugu, ez soilik fabrika inguruan, baizik eta mendietan dauden siderurgiaren aztarnak nabarmentzeko ere.

Kontrolatuta daude uda partean errekara egin ziren isuriak?

Pasa den urtetik egon dira isuriak, Ametzaga herritik datorren errekara, eta hortik Arakilera. Asparreneko Udalak zerbait ikusten duenean berehala abisatzen ditu URA edo Ertzaintza; gainera, Donemiliagako Udalarekin batera konpromisoa dugu, egunero, aguazila hodi biltzailera joateko, ikusteko dena ondo dagoela. Arazoa da gure eskumena amaitzen dela amaitzen den tokian, eta badira enpresa batzuk, Froneli bezala, Ingurumenaren Baimen Integratua dutenak, eta ez diote udalari erantzun behar, baizik eta URAri. Edozein arazo ikusten dugun bezain pronto URAko guardiari abisatzen diogu, eta bera arduratzen da. Hortik aurrera, udalak ez du ezer egin behar, nahiz eta gero muturrekoak jasotzen dituena udala izan.

Bilera asko izan dituzue URArekin arazo horren inguruan.

Asko. Azkenean, eta nik uste dut presioengatik, Froneliri isuna jarri diote, agerikoa zelako, oso agerikoa gainera, isuria Fronelirena zela. Beraz, azkenean badakigu isuna dutela, baina uste dut URA egon dela pixka bat… Ez dakit. Nik argi dut udalak ondo jokatu duela, zerbait ikusten genuen bezain laster abisatzen genuen. Une honetan, ingurumen teknikari bat dugu, astean behin etortzen dena, eta bere lanaren zatirik handiena udalaren isurien ordenantza betearaztea da, baina Froneli bezala beste kategoria batean dauden enpresen kontrola ez dago gure esku. Izan ere, isuri bat egon zenean, Donemiliagako alkatea eta Asparreneko zinegotzia joan ziren aguazilarekin Fronelira, eta atea sudurrean itxi zieten.

"Ura negozioa bihurtzea, Bizkaian bezala, aberrazioa iruditzen zaigu"

Uste duzu URAk ez zuela egin behar zuen guztia egin?

Haiek jakingo dute. Guri gauzak presa handiz eskatzen dizkigute beti. Arazo bat izan dugu aurten, ur gutxi zegoelako errekan; iraila hasieran fekalen isuri bat izan genuen, eta amuarrainak hil ziren. Udalaren akatsa izan da, eta onartzen dugu, eta gainean izan dugu URA hasiera-hasieratik. Haiek azkar edo motel ibili diren Froneliren asuntuarekin ez dut nik esan behar.

Energiaren alorrean zeintzuk izan dira udalaren lehentasunak?

Trantzisio energetikoaren alorrean oso argi dugu helburu nagusia ahalik eta energia gehien aurreztea dela; horretarako gastu gehiena nondik zetorren aztertu genuen, eta inbertsio ugari egin ditugu gastu hori murrizteko: 2017. urtean, led bonbillak jarri genituen udalerri osoan; iaz, berriz, eskolari inguratzaile termiko bat jarri genion, dirulaguntza batzuei esker. Bestalde, geotermia bidez berotzen da kiroldegia, eta oso ondo dago ez dituelako erregai fosilak erabiltzen, baina elektrizitate asko gastatzen du. Beraz, teilatuan planta fotovoltaiko bat jarri dugu; oso ondo joan da esperientzia eta plaka horiei esker, gainera, mikro-sare bat sortu ahal izan dugu, inguruko udal eraikinak hornitzeko.

Autokontsumoarekin ere engaiatuta zaudete?

Bai. Aurki, zentral hidroelektrikoak sortzen duen energia kontsumitzeko aukera izango du udalerriak. Ajuria fabrikaren antzinako zentral hidroelektrikoa da hori. Duela urte batzuk udalak bere esku hartu zuen, eta, diputazioarekin eta EEErekin batera, enpresa publikoa sortu zuen. Bertan sortzen den energia sarera joaten da zuzenean, eta lortzen diren etekinak berriztagarrietan inbertitzen dira. Orain arte ezin genuen energia hori herrian bertan kontsumitu, baina legedia aldatu denez, tramiteak egiten ari gara zentral elektrikoak sortzen duen energia zuzenean kontsumitzeko.

Statkraft bezalako enpresa bat etorriko balitz eta Aratz mendian parke eoliko bat jarri nahi duela esango balu, zer esango zenioke?

Guk oso argi izan dugu; egun batetik bestera etortzen baldin bada edozein enpresa, eta esaten baldin badigu "toki hori zoragarria da", pikutara bidaliko dugu. Argi eta garbi. Baina kontuan izan behar dugu Asparreneko udalerrian, urtean, orduro 11,5 gigawatt kontsumitzen ditugula; hortik 9 gigawatt industrialdearen kontsumoa da, eta gainerako 2,5 gigawatt herriarena; eta zentral hidroelektrikoak 3,5 gigawat sortzen ditu. Argi dago industriek egiteko asko dutela, baina herriak hornitzeko ere berriztagarriak behar ditugu. Hitz egin behar duguna da nola, noiz eta non. Ezin dena da Aixeindar etortzea eta esatea: "Hemen, inon baino haize gehiago dagoelako". Aizu, hori ikusi beharko dugu, ezta? Ezin da onartu guk gorputza jartzea, mendiak jartzea, eta zuek dirua duzuelako inbertsioa egitea, etekina eramatea eta faktura igotzea. Hori ez dugu onartuko. Beste gauza bat da norvegiar enpresak egin duena; udalera etortzea eta galdetzea ea zer toki izan daitezkeen aproposak parke bat jartzeko. Berriztagarriak behar ditugu, baina trantsizio energetikoan eredu energetiko desberdinak ere behar dira, ezin da Aixeindar etorri eta esan "hemen, Azazetan jarriko ditugu". Zergatik? Dirua duzulako? Ez. Hori ez.

Zeintzuk dira udalaren erronka nagusiak hemendik lau urtera.

Lehentasun nagusia uraren inguruko alderdi guztiak ordenatzea izango da. Asparreneko Udala eta udalerriko kontzejuak ez gara Urbide Ur Partzuergoan sartu, politikoki ez dugulako egoki ikusten gure eskumenak galtzea eta boterea ematea. Urarena gure eskumena da, eta kito; aldundiari eskatzen diogu, lehen egiten zuen bezala, aholkularitza eta laguntza emateko zerbitzua eskaintzea ura kudeatzeko. Egia da urte luzez etxeko lanak ez ditugula egin, eta uraren ziklo guztia ez dugula ondo antolatuta; orain, saiatzen ari gara egiten, saneamenduarekin hasi gara, eta azaroan uraren inguruko jardunaldi batzuk egingo ditugu, kontzientziatzeko. Gure eskumena da, eta ez dugu zertan norbaiten esku utzi behar, eta Bizkaian gertatu den bezala, ura negozio bat bihurtzea. Hori aberrazioa iruditzen zaigu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago