Polemika bizia Agurainen, jai ereduaren eta afari ibiltariaren harira

Erredakzioa 2022ko ira. 28a, 19:00
Aguraingo Santa Maria plaza, azken jaietan, 2019an. / Argazkia: IREKIA

Neska eta Blusen Elkarteak dio "Udalak jai batzordearenak diren erabakiak udal gobernuaren erabaki bilakatu dituela", eta protestak, txupinazo alternatiboa eta "afari ez ibiltaria" antolatu ditu. Alkateak ziurtatu du arazo "bakarra" afari ibiltariko berbenaren inguruan izan dela.

Urriaren 1etik 9ra ospatuko dira Aguraingo jaiak. Askotariko jarduera eta astearteko azoka tradizionalaz gain, kontzertuak izango dira San Juan plazan zein txosnagunean: besteak beste, Dupla, Mafalda, Celtas Cortos, Skakeitan, Joselu Anaiak...

Hala ere, azken asteetan, eztabaida gogorra sortu da Neska eta Blusen Elkartearen eta Udalaren artean, jaien programazioaren eta kudeaketaren inguruan; bereziki, urtero plazaz plaza eta lokaletik lokalera antolatzen den afari ibiltariaren inguruan. Izandako tirabiren ondorioz, aurten afari ez ibiltaria izango da, eta urriaren 7an ospatuko da, ostiralean, 22:00etan San Juan plazan.

Ekimena iragartzeko kartelean, bertako produktu zein produktu ekologikoak erabiliko direla eta Jo Ta Fa taldeak musika herrikoia jarriko duela azaltzen dute antolatzaileek; baita Erruki Erromeria taldearekin dantzaldia izango dela bazkalostean. Kartelaren beheko partean, baina, tiketen salmentaren inguruko informazioaz gain, Udalari zuzendutako ziria txertatzea erabaki zuten, bere logoa "ez-laguntzaile" gisa sartuz.

Baina, zer gertatu da zehazki?

Zer dio Neska eta Blusen Elkarteak?

Duela egun batzuk, Aguraingo Neska eta Blusen Elkarteak "ohar garrantzitsu" bat plazaratu zuen, gertatutakoaren inguruko bere iritzia azalduz. Bertan, jai batzordearen eginkizun eta eskubideen xehatze bat egin zuten, "batzordearen erabakia zena" eta "bilakatu dena" bereizteko.

Horren arabera, "jardueren eta txupineroaren bozketan, aurrekontuen banaketan, ekitaldietan eta musika emanaldien kontratazioan parte hartzeko" eta "Blusa eta Nesken Egunean berbena eta lehen larunbateko kontzertua (aurrekontu mugarik gabe) aukeratzeko" jai batzordearen eskubidea urratu izana leporatzen diote Udalari, hori guztia "gobernu taldearen erabakia" bilakatuz.

Txupinazo alternatiboa

"Hori guztia dela eta, aurten zerbait ezberdina egitea erabaki dugu, jasaten ari garen egoera aldatzen saiatzeko", azaldu dute. "Lehen genituen eskubideak berreskuratu nahi ditugu, herriak erabakitzeko ahalmena zuen momentura bueltatzea, eta erabaki guztiak gorbernu taldearen eskuetan ez geratzea".

Alde batetik, udaletxeko txupinazoan eserialdi orokorra eta isila (txarangen musikarik gabe) egitera deitu dute, "txupinerak lagunduta kohetea entzun arte". Ondoren, San Juan plazaraino modu isilean jaitsiko dira, bertan txarangekin elkartzeko, "txupinazo alternatiboa" egiteko, eta, azkenik, kalejirarekin Santa Maria plazaraino joateko.

"Helburua galdu diren eskubideak berreskuratzea da. Honekin batera, txupinazoa botatzen duten emakumeekin bat egiten dugu! Gora Latsariak!", argitu dute neska eta blusek.

Zer dio alkateak?

ALEAk gaiaren inguruan galdetu zion Ernesto Sainz alkateari (EAJ), duela egun batzuk eskainitako elkarrizketa batean. Egunotan, gainera, alkateak berak komunikatu bat plazaratu du polemikaren inguruan. Bertan dio "harriduraz" bizi izan duela karteletan Udalaren logoarekin egindakoa. Bertan "asmo txarrez egindako zurrumurru eta gaizki-ulertu interesatuak" aipatzen ditu, eta horien gaineko zenbait hausnarketa helarazten dizkie aguraindarrei.

Besteak beste, azaldu du ostiraletako afari herrikoia "kultur mugimenduetatik (AEK, kuadrillak eta zurrakapoteak)" sortu zela. "Gaur egun, ordea, badirudi ekimen herrikoi izatetik gutxi geratzen dela, eta udal ekimen izatetik asko", dio alkateak, azalduz Udalak inoiz ez duela parte hartu, "ez antolaketan, ez ekonomikoki". Hala ere, mahaiak eta biltegi gisa erabiltzeko lekuak jarri dituela aitortu du.

Bestalde, azaldu duenez, duela hainbat urte, fandango eta arin-arin lehiaketa gehitu zen egitaraua osatzeko, neska eta blusa kuadrilla batek antolatua. Aurreko legegintzaldian, urte batean txosnagunean eta hurrengoan Santa Maria plazan egitea adostu zuten. "Jaietako azken urtean [2019] txosnen esparruan ospatu zen, hortaz, aurten Santa Maria plazan egitea tokatzen zen.

Aurten, planteamendua Alaitsuenak Neska eta Blusen Elkartetik heldu zaigu: Udalari afaria egiteko baimena eskatzen dio, eta hori ez da inoiz ukatu", ziurtatu du Sainzek. Hala ere, horrekin batera txosnetako esparruan erromeria bat egitea eskatu dute, baina, alkatearen hitzetan, "dantzaldia Santa Maria plazan egin beharko litzateke, akordioa betez".

Alkatearen arabera, jasotako erantzuna "oso argia izan zen hasieratik: dantzaldia txosnetan egingo da, edo ez da egingo". Horren aurrean, "jarduerek guztientzako irekiak izan" behar dutela deritzo Sainzek, baina, bere iritziz, txosnak ez dira horretarako lekua. "Esan dugun gauza bakarra da ordaindutako berbena aurten Santa Maria Plazan egin behar dela, eta ez txosnagunean; gainera, ez duela bere programan sartu", gaineratu du. Erromeria, beraz, bertan izango da, Garilak 26 taldearen eskutik.

Ernesto Sainzek ziurtatu du ez dutela "jarduera bakar bat ere" ukatu, eta Udalak ordainduko dituela; ez zaiela "euro bakar bat ere" ukatu, eta larunbateko kontzertuan Nesken eta Blusen Elkarteak aukeratutako taldeek joko dutela: "Beti bezala, Udalak ordainduko ditu". Hori guztia frogatzeko, Udalaren webgunean argitaratuko dituzte aurtengo jaietako aurrekontuak, baita "jarduera bakoitza nork proposatu edo erabakiko duen" ere. Horren ostean, Udalak ez du komunikatu gehiago argitaratuko, ezta erantzun gehiagorik ere. Azkenik, "maiatzean iritsiko den zerbaitekin" (hauteskundeak) lotu du gatazka.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide