Ernesto Sainz Lanchares

"Busaren arazoa aurten bertan konponduta egon daiteke"

Juanma Gallego 2022ko ira. 23a, 06:00

Garraioaren arazoa da Sainzek mahai gainean duen kezketako bat. "Esaten ziguten ezinezkoa zela konpontzea". ALEA

San Juan plazako obrak bukatzear, jaietan murgiltzeko unea iritsi zaie aguraindarrei. Ernesto Sainz Lanchares alkatearen arabera, horiei heltzeko ilusioz beterik daude.

Alkate bezala pandemiaren oldarraldi gogorrena kudeatzea egokitu zaio Sainzi, gainerako udalerri gehienak eremu berdean zeudenean Agurain eremu gorrian mantentzen  zelako, temati. "Ezin  dugu ulertu zer gertatu zen, baina bete-betean jo gintuen pandemiak azken uneetan". Behin krisialdi larriena pasata, aurten bai, fundamentuz jaietan murgiltzeko unea iritsi zaie orain aguraindarrei, eta prestaketa horietan ari dira uneotan.  

San Juan plazan lanak egiten ari zarete. Nola doaz?

Hiru asteko atzerapen txikia egon zen garraiolarien greba baten ondorioz, baina orain irekita dago eremua, eta azken ukituak baino ez dira falta. Nola geratu den ikusita, pozik gaude. Batez ere aguraindarrek eskatzen zuten zoladura aldatzea, aurrekoa oso irristakorra zelako. Orain zuhaitzak jartzea falta da, horretarako egokia den garaira itxoin behar dugula esan digutelako. LED argiztapenaren berrikuntza ere egin dugu, eta hau ere ia-ia bukatuta dago. Segurtasuna handituko  duen  argiztapena izateaz gain, apaingarria ere bada, eta, zenbait ekitalditan koloreekin jokatzeko aukera emango digu.  

Nire herritik Gasteizera busean joateko %50eko deskontua daukat. Ez da Agurainen kasua. Zergatik? 

Gainerako lurraldean ez duzuen berezitasun bat dugu hemen. Zaila da azaltzea; horretan ordubete eman genezake hizketan. Arazoaren muina da garraioari dagokion estatuaren legea aplikatzearen ondorioz, bi puntuen arteko ibilbidean, tarte gehien duen administrazioari dagokiola linea kudeatzea. Gure kasuan, Nafarroako gobernuari dagokio, eta honek La Burundesa enpresari esleitu dio. Bada, Nafarroak erabaki du %30eko deskontua ezartzea. Hortaz, gu erabaki horren menpe gaude. Aguraingo udalak hainbat linearekin indartzen du zerbitzua; zerbitzu horretan ere %30 jarri dugu deskontu gisa, aldea udalaren kontura doalarik. Bitxia izango litzateke prezio desberdina izatea busaren arabera. Baina arazoa aspaldikoa da: gainerako lurraldearekin alderatuz desberdintasun handia dago Agurainen. Ez da normala, adibidez, guk sei zerbitzu izatea eta Agurainen populazioa halako heren bat duen Dulantzik hamasei edukitzea. Txikiagoak diren herriek frekuentzia hobeak dituzte. 

"Ez dut uste AHT-a hemendik pasako denik, batez ere bizkaitarren eta gipuzkoarren interesak tartean daudelako"

Diputazioak dio 2023. urterako izango duzuela Arababus zerbitzua...

Bai. Arazo konplexu honetan behin betiko irtenbide bat zen Diputazioaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko hitzarmen bat egitea: 5. lineak Agurainen geldiunea izatea. Irtenbide hau ez da erraza: eskatzen du bi lineak berriro lizitatzea. 2023. urtea aurreikusita dago martxan jartzeko, baina agian 2022an bertan erabili ahalko dugu: nire aldetik, bederen ahalik eta arinen izan dadin lanean ari naiz. Batzar Nagusietan zenbait talde politikok zioten irtenbide hau ezinezkoa zela; ikusten ari garenez, zaila da, bai, baina ez ezinezkoa.

AHTaren behin betiko ibilbidearen gaineko erabakirik ez dago momentuz. Lautadatik pasako al da?

Niri kostatzen zait sinistea ibilbidea hemendik etorriko dela, batez ere bizkaitarrek eta gipuzkoarrek bestelako interesak dituztelako. Nafarrak ere duela gutxira arte Ezkiotik joatearen alde agertu dira. Baina gaia geldituta dago. Bere garaian proposatutako ibilbidearen aurka azaldu ginen gu, ibilbidea bere horretan ezin genuelako onartu. Ikusi beharko da gauzak nola datozen, baina nik bederen ez dut uste AHTa laster ikusiko dudanik, proiektua oso berde dagoelako.

Joan den urtean hemengo teknikari batek azaldu zigun bertoko kontsumoa bultzatzeko bonu kanpaina. Nola atera da?

Guk behintzat oso balorazio positiboa egiten dugu, eta esango nuke bai merkatariek zein auzokideek ere horrela ikusten dutela.Merkatarien elkartearekin dugun hitzarmenaren barruan, beraiei askatasuna ematen diegu erabaki dezaten nola egin nahi duten kanpaina. Gainera, diputazioak eta Jaurlaritzak kanpainak egiten dituzte ere, eta horiek tartekatu behar dira. Hortaz, merkatariek nahiago dute kanpaina hau Gabonetarako uztea. Tira, pandemiak eragin latzak izan ditu, baina merkataritza lokalari gehiago erreparatzeko balio izan du sikiera. Oro har,  gero eta gehiago lantzen ari da merkataritza lokala, eta sinetsita nago joera hori gurean geratuko dela.

Nola doaz jaien prestaketa eta txosnekiko negoziazioa? Esan didate afari baten gainean desadostasunak egon direla...

Jai egitarauaren prestaketa guztia Jai Batzordeari dagokio. Kultura zinegotziak eta teknikariak daramate negoziaketa hori, eta niri behintzat ez zait iritsi arazo garrantzitsurik egon direnik. Afari ibiltariari dagokionez, duela gutxira arte bi elkartek egiten zuten, baina antolakuntzatik atera dira orain. Aurten, horretan bai, hainbat desadostasun izan ditugu. Baina ez soilik udalaren eta blusa batzordearen artean, blusa batzordean bertan ere izan dira desadostasunak. Udalaren partetik ere malgutasun handiagoarekin jokatu dugu dirua banatzerakoan: batzordeak proposatu dituen ekitaldi guztiak aurrera eraman dira, akaso baten batean aldaketa txikiren bat sartuta. Baina duela bost bat urte hitzartu zen ostiraleko berbena urte batean txosnetan eta bestean Santa Maria plazan izango zela, eta hitzarmenak betetzekoak dira. Baina, horren gainetik, ilusio handia egon da jaiak prestatzeko, bi urte jairik gabe egon eta gero.

"Espero baino kutsadura gutxiago aurkitu dugu Encurtidos enpresa zegoen lurretan"

Pandemiaren amaieran zorte txarra izan duzue...

Bai, hedabideetatik etengabean deitzen ziguten, kutsatze tasa handi horren zergatiaz galdetzeko. Egun batean zazpi telebista pilatu zitzaizkigun udaletxean. Baina ez dugu erantzunik, Agurain ez da desberdina izan ezertan. Niri amorru pixka bat ematen zidana da beti eremu gorrian geundenean deitzen zigutela, baina,  gero, berdera igarotzen genuenean, ez ziguten deitzen. 

Gaztandegiko isuriak arazo bat dira udalerrian. Hobetu al da kontua? 

Egia da arazoa zela, bai. Dakizuenez, gaztandegia erre egin zen, eta, mometuz, ez dute ekoizpena berrabiarazi. Argi dago udaletik lanean jarraitu behar dugula isurien gaineko ordenantzak gehiago bete daitezen. Horretan, oso lagungarria izango da apirilean martxan jarritako  araztegi berria. Ibaira ur garbiagoa bueltatuko dugun bermea ematen digu.

Encurtidos enpresan zegoen eremuan kutsadura maila neurtzeko azterketak egin dituzue. Noizko espero dituzue emaitzak?

Azken urteetan gai horrek martxan jarraitu du; arazoa da potentzialki kutsatuta dagoen zoru batean eraikitzeko administrazioek prozesu oso zorrotzak jarraitu behar ditugula. Gauzak bermeekin egin behar dira, zorua benetan nola dagoen ezagutu aldera. Lehen azterketen arabera, espero genuena baina kutsadura gutxiago aurkitu dugu lur horietan. Baina toki zehatzetan dauden lurrazpiko ur batzuk kutsatuta daude. Horrek esan nahi du lurrekin lan gutxiago egin beharko dela, baina uretako kutsadura kendu beharko dugula. Asmoa da bertan parkea eta etxebizitzak eraikitzea. Lur zati handi bat publikoa da, baina jabetza pribatua ere badago. Promotore pribatuak etxebizitzak eraikitzeko aukera izango du, eta udalak ere babes ofizialeko edo salneurri finkoan saltzeko moduko etxebizitza batzuk egiteko aukera izango du.

Eta etxebizitza horiek eraikitzeko asmorik al dago?

Momentuz, Jaurlaritzarekin dugu hitzarmen batetik abiatuta, Harresi parkean lanean ari gara etxebizitzak eraikitzeko. Hor ere, gauzak apurka doaz. Kutxabankekin truke espediente bat tramitatzen ari gara Visesa agentzia publikoarentzat erakargarria izango den orube bat lortzeko. Nahiko nuke legegintzaldia bukatu baino lehen hitzarmena adostuta egotea. Jakin badakit Visesak interes handia duela lanak hasteko. 

Azokari eta beste hainbat tradiziori gogotsu eusten diezue…

Bai, pentsa aurtengoa 627.a izango dela! Berez, pandemian zehar ez da azokarik egon, baina artzain gazta lehiaketa mantendu nahi izan dugu. Argi genuen lehen sektorea oso egoera txarrean zegoela, eta lehiaketa mantendu behar genuela. Azokarena oso egun berezia da, eta inguruetako jende asko hurbiltzen da egun horretan. Diozun moduan, gustatzen zaigu bai tradizioei eustea.

Maila pertsonalera joz, 2019an lekukoa hartu zenion hiru hamarkadaz alkatetzan egondako Iñaki Berazari. Nola izan dira azken urte hauek?

Oso hiru urte zailak izan dira, bereziki pandemia erdia izan dugulako. Hau bezalako udalerri bateko alkatea izateak eskatzen dizu urtean 365 eguneko prestutasuna, 24 orduz. Oporretan zazpi egunetara joanda ere, zin degizut sakelakoak jotzen duela. Eta alkate hau beti egongo da prest herritarrak artatzeko, igandean marianitoa hartzen ari bada ere. Niretzat, ohorea da. Gaztea nintzenean hori izateko ametsa nuen, eta bete egin da. Seguruenera akatsak egin ditut, baina beti izan ditut aguraindarren interesak gogoan, batzuetan interes horiek kontrajarriak izan daitezkeen arren. 

Zure burua aurkeztuko duzu datozen hauteskundeetan?

Hori EAJko afiliatuek erabaki beharko dute, eta familiarekin ere hitz egin beharko nuke. Baina alkategaia izanez gero, argi daukat gogotsu egingo nukeela; proiektu asko ditut buruan. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago