Zerbitzuak "ahalik eta azkarren" berreskuratzeko eskatu dio Lautadako Kuadrillak Osasun sailari

Erredakzioa 2022ko mai. 26a, 10:45

Ordutegiak berreskuratzeko eskatu du kuadrillak. EHBILDU

EH Bilduk kritikatu du EAJk ez duela eskaera babestu, Iruraiz-Gaunako, Barrundiako edo Donemiliagako udaletan egin duen bezala.

Langileen, ordutegien eta zerbitzuen arloetan hobekuntzak eskatu dizkio Arabako Lautadako Kuadrillak Osasun Sailari, eta pandemia aurreko osasun arreta "lehenbailehen berreskuratzeko". Ekimena EH Bildurena izan da eta, nahiz eta eskualdeko udaletako EAJko ordezkari batzuk eskaera hori beren osoko bilkuretan babestu duten, ez dute onartu Arabako Lautadako Kuadrillaren kasuan. Dulantziko DTI talde independenteko ordezkariek, aldiz, mozioa babestu dute.

Onartutako mozioan, pandemiaren aurreko osasun zerbitzua berreskuratzeaz gain, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eskatu zaio konpromisoa har dezala "egungo eskaera eta etorkizuneko aurreikuspena aztertzeko, eta baliabide egokienak zehazteko". Era berean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin batera lan egiteko konpromisoa hartu du kuadrillak, "baliabideak benetako beharretara egokitzeko".

Gustavo Fernandez Villate kuadrillako lehendakariordeak gaineratu duenez, "mozio hau onartzearekin ez da ezer amaitzen, dinamika bat hasi behar da, orain onartutakoa bete dadin, eta kuadrillako presidenteak du jarraipena egiteko ardura gure osasun zentroetako lehen arretaren funtzionamendu eskasari irtenbideak emateko helburuarekin lan egiten dela bermatu dezan".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide