Lautadako alkateek lehen mailako arretako murrizketak salatu dituzte

Erredakzioa 2022ko api. 26a, 09:30

Aguraingo Osasun Zentroko profesionalen kopurua murriztu dela salatu dute. / GOOGLE MAPS

Dulantzi, Asparrena, Barrundia, Donemiliaga eta Zalduondoko alkateek agerraldia egingo dute Eusko Legebiltzarrean, Arabako Lautadako lehen mailako arretak jasandako murrizketak eta arazoak salatzeko.

Joan den apirilaren 13an, Lautadako bost udalerri horietako alkateek —EH Bildukoak— premiazko bilera egiteko eskatu zioten Gotzone Sagardui Osasun sailburuari, eskualdeko lehen mailako arretak bizi duen egoerari buruz hitz egiteko. Hala ere, bilkura hori oraindik burutu ez dela salatu dute, eta EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean agerraldia egiteko eskaera egin du.

Dulantzi, Asparrena, Barrundia, Donemiliaga eta Zalduondoko alkateek "murrizketak eta arazoak" daudela ohartarazi dute. Sagarduiri igorritako gutunean, Aguraingo Osasun Zentroko profesionalen kopurua "nabarmen" murriztu dela salatu zuten; gainera, horren ondorioz, "Aguraingoaren gabeziak kubritzeko", gainerako eskualdeetako ohiko anbulatorioan arreta "gutxienez astean behin" murriztu behar izan dutela ohartarazi dute.

"Besteak beste, asteburuko guardia zerbitzua kendu egin da, asteko arreta gutxienez egun batez murriztu da, itxaronaldiak nabarmen handitu dira, Agurainen erreferentziazko mediku bat ez dago, eta eguneko zitak asko handitu egin dira: goiz bakar batean 45 izatera irits daitezke", kritikatu dute.

Bost alkateen ustez, egoera horrek "ondorio larriak ditu, bai kopuruan, bai arretaren kalitatean". Azaldu dutenez, pazienteak "gaizki artatuak" sentitzen dira, eta, horregatik, hurbilen duten administraziora jotzen dute herritarrek: "Hau da, gure udaletara, egoera horren aurrean haserrea adierazteko. Bestalde, profesionalak gaindituta daude, eta horrek ere eragina du arretaren kalitatean", azaldu dute.

Azkenik, gogorarazi dute Lautadakoa landa-populazioa dela: "Adineko pertsona asko ditu, eta hori ere kontuan hartzeko modukoa da, ratio egokiak kalkulatzeko orduan".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago