Dozenaka herritar Araian, Osakidetzaren arreta zerbitzuko murrizketen aurka

Erredakzioa 2022ko maiatzaren 5a

Elkarretaratzea egin dute Araian. / ALEA

Osakidetzari Araiako osasun zentroko zerbitzuak berreskuratzeko exijitu diote dozenaka herritarrek, azken asteetan Aguraingo osasun zentroko hutsuneek eragindako egoeraren aurrean: "Herrietako osasun zentroetan murrizketarik ez!".

Azken asteetan, Lautadako alkateek lehen mailako arretako murrizketak salatu dituzte. Dulantzi, Asparrena, Barrundia, Donemiliaga eta Zalduondoko alkateek ohartarazi dutenez, Aguraingo osasun zentroko profesionalen kopurua "nabarmen" murriztu da, eta, horren ondorioz, Aguraingo gabeziak kubritzeko, Lautadako beste zentroetan ere arreta murriztu behar izan dute, tartean Araiako kontsultategian. Besteak beste, anbulatorio horietan guardia zerbitzua kendu, asteko arreta gutxienez egun batean murriztu eta hitzordu bat izateko itxaronaldia luzatu dela salatu dute.

Bost udalerri horietako alkateek Eusko Legebiltzarrean eskatutako agerraldiaz gain, Lautadako herritarrek Araiako osasun zentroko ordutegiak, arreta egunak eta guardiak berreskuratzeko eskatu dute ostegun honetan, Herrietako osasun zentroetan murrizketarik ez! lelopean egindako elkarretaratzean.

Argazkia: @iunetrecet

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago