Araiako osasun zentroko zerbitzuak berreskuratzeko eskatu du Zalduondok

Erredakzioa 2022ko mai. 4a, 10:52

Zalduondoko udaletxea. / Argazkia: ZALDUONDOKO UDALA

Aguraingo osasun zentroan sortutako hutsuneak betetzeko Araiako zentroan arreta murriztu ostean, Zalduondoko Udalak ordutegiak, arreta egunak eta guardiak berreskuratzeko eskatu dio Osasun Sailari.

Azken asteetan, Lautadako alkateek lehen mailako arretako murrizketak salatu dituzte. Dulantzi, Asparrena, Barrundia, Donemiliaga eta Zalduondoko alkateek ohartarazi dutenez, Aguraingo osasun zentroko profesionalen kopurua "nabarmen" murriztu da, eta, horren ondorioz, Aguraingo gabeziak kubritzeko, Lautadako beste zentroetan ere arreta murriztu behar izan dute, tartean Araiako kontsultategian. Besteak beste, anbulatorio horietan guardia zerbitzua kendu, asteko arreta gutxienez egun batean murriztu eta hitzordu bat izateko itxaronaldia luzatu dela salatu dute.

Bost udalerri horietako alkateek Eusko Legebiltzarrean eskatutako agerraldiaz gain, Zalduondoko Udalaren osoko bilkurak eskaera zuzena egin dio Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari, Araiako osasun zentroko ordutegiak, arreta egunak eta guardiak berreskuratzeko, baita medikuaren hitzorduen atzerapenarekin amaitzeko "behar diren bitartekoak" jartzeko ere.

"Egoera horrek ondorio larriak ditu, bai kopuruan, bai arretaren kalitatean ere", azpimarratu du Zalduondoko alkate Gustavo Fernandez Villatek. Gainera, ohartarazi du herritarrek Udalera jo dutela, "beren egonezina eta osasun arretaren narriadurarekiko" kezka erakustera. "Alde batetik, gaizki artatuak sentitzen gara, eta, bestetik, badakigu profesionalak erabat gainezka daudela eta horrek eragina duela zerbitzuaren kalitatean. Adineko jende asko bizi den landa populazioa gara, eta hori ere kontuan hartzeko modukoa da ratio egokiak kalkulatzeko orduan", gaineratu du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago