Aita Villasanterekin, Arantzazun, Korrikan

Aran Oiarbide 2022ko api. 2a, 06:00

Aran Oiarbide Aguraingo Errege Atarian Korrikan. A.O.

Errege Atarira iritsi ginenean kristoren sorpresa hartu nuen AEkren eskutik lore sorta bikaina omenaldi modura jaso nuenean.

Korrikaren edizio guztiak oso zirraragarriak izan dira beti niretzat, guztiz hunkigarriak, bai, zalantzarik gabe.

Azken 42 urte hauetan zehar, bi urtez behin, Aguraingo haur, gazte, heldu eta aitona-amona euskaltzaleen artean bizi izan naiz, eta Korrikak  euskararen aldeko aldarrikapena partekatzeko aukera paregabea eman digu beti. Asko izan badira ere, bizi izandako guzti horien artean, nire hiru momentu kuttunenak aipatuko ditut:

1980. urtean, Korrikaren lehen edizioan,  gau-eskola eta ikastolako haur eta gurasoekin ongi-etorria antolatzeari ekin genion. Kostata eta inprobisatuz, baina munduko ilusio guztiarekin izara txuri bat eskuratu eta pankarta bat egitea lortu genuen. Hura poza sentitu genuena!

17 urte geroago, Korrikaren 10. edizioan (1997ko martxoaren 14an) Arabako euskalgintza ordezkatzea suertatu zitzaidan, eta Euskal Herriko beste ordezkariekin batera Arantzazun egin nuen Korrikaren lehen kilometroa, aita Villasanterekin batera. Hura izugarrizko ohorea izan zen niretzat.

Azkenik, 2019ko 21. edizioan, Aguraingo Lope de Larrea ikastolako kilometroan, Pepe, guraso elkarteko aita, eta Harriet eta Elaia gaztetxoekin batera lekukoa partekatu nuen. Gure kilometroa Aguraingo erdigunean egin genuen eta Errege Atarira iritsi ginenean kristoren sorpresa hartu nuen AEkren eskutik lore sorta bikaina omenaldi modura jaso nuenean. Oso ederra izan zen, noski.
Aurrera ba 22. Korrika! Hitzekin= Hitz eta Ekin!

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago