Ilarduiako La Leze gazta, mundu osoko gaztarik onena

Erredakzioa 2021ko aza. 5a, 16:10

La Leze gaztandegiko Elisabeth Gorrotxategi, sari banaketan. / Argazkia: @artzai_gazta

World Cheese Awards sarietako Super Urrea domina irabazi du La Leze gaztandegiaren Artzai Gazta Idiazabal Baserrikoa gaztak. Gainera, Idiazabal jatorri izendapeneko 35 gazta hautatu dituzte munduko onenen artean.

La Leze gaztandegiak (Ilarduia - Asparrena) nazioarteko arrakasta lortzen jarraitzen du. Urrian estatu osoko artzai gaztarik onena izendatua izan ostean, Espainiako Estatuaren mugetatik harago joan da berriro. Izan ere, Oviedon azaroaren 3an ospatutako World Cheese Awards sari ospetsuen 33. edizioan, Super Urrea domina irabazi du orain, bere Artzai Gazta Idiazabal Baserrikoa gaztarekin.

4.000 gazta baino gehiagoren artean, Idiazabal jatorri izendapeneko gaztandegiek arrakasta itzela lortu dute, eta horietako 35 nabarmendu dira: La Lezek irabazitako Super Urrezko dominaz gain lehen saria eta aipamen berezia, bederatzi urrezko domina, zilarrezko hamaika domina eta brontzezko hamalau lortu baitituzte. Epaimahaia 30 herrialdetako 250 epaile inguruk osatu dute, gazta onenen izendapenak argitzeko.

"Jose Mari Jauregi, Elisabeth Gorrotxategi eta euren seme Arkaitz eta Gaizkak artzaintzan jarduteko aurrerapausoa eman ez ezik, kalitatezko gazta egiteari ekin zioten, tradizioz beteriko prozesuari euren ukitu bereizgarria emanez", goraipatu du Artzai Gazta Elkarteak. "Idiazabal Gazta jatorri izendapeneko gaztandegiak berriz ere munduko gazta onenen artean sarituak izan dira, bere kalitate handia ziurtatuz eta gure gaztaren izen ona nazioarte mailan zabalduz".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago