Artzai Gazta Elkarteak jakinarazi duenez, elkarteko bi gaztandegi saritu dituzte Estatu mailako Gourmet Gaztak 2021 txapelketaren XI. edizioan: La Leze gaztandegiak (Ilarduia - Asparrena) lehen saria jaso du, eta Etxelekua-Bengoetxea gaztandegiak (Urdazubi - Nafarroa) bigarrena.
Espainiako Estatu osoko kalitate goreneko 800 gazta inguru aurkeztu dira txapelketara, Madrilgo Gourmet Klubaren Nazioarteko Aretoan, Jose Luis Martin gaztagile maisuaren zuzendaritzapean.
Guztira, hamabost kategoria daude, eta Ilarduiako La Leze gaztandegiak lehenengo saria jaso du Artzainek ekoiztutako esne gordinarekin egindako gazta kategorian, bere La Leze Idiazabal Baserrikoa gazta onduarekin. Bere aldetik, Urdazubi-Urdaxeko Etxelekua-Bengoetxea gaztandegiak bigarren saria eraman du kategoria berean, bere Etxelelua artzai gazta onduarekin.
Bi gaztandegiak Artzai Gazta Elkarteko kideak dira: "Beren artaldearen esnearekin gazta eginez ibilbide bikaina daramaten familia ustiategiak dira, eta tokiko nahiz nazioarteko sari ugari jaso dituzte", ospatu du elkarteak. "Elkarteko gaztandegiak berriz ere munduko gazta onenen artean sarituak izan dira, beren kalitate handia ziurtatuz eta gure gaztaren izen ona nazioarte mailan zabalduz".