Aguraingo Udalak eta La Burundesa S.A.U. enpresak —gaur egun, Iruñea-Gasteiz N4 linean zerbitzua ematen du—, administrazio kontratu berezi bat sinatu zuten ostiralean, Agurain eta Gasteiz arteko bidaiarien garraio erregularreko zerbitzuaren maiztasuna areagotzeko, Arabako eta Nafarroako erakundeek adostutako neurriak ezarri bitartean bizilagunen mugikortasun beharrei erantzuteko.
Izan ere, inkesta baten arabera, Agurain eta hiriburuaren arteko garraio publikoaren maiztasun eskasia aguraindarren arazo nagusia da. Orain arte, pandemia garaian, zortzi maiztasun baino ez zeuden egunero; ondoren, hamaika izateko areagotu egin ziren. Nafarroako Gobernuko Garraioetako eta Mugikortasun Jasangarriko Zuzendaritza Nagusiaren —Iruñea eta Gasteiz arteko autobusen maiztasuna erabakitzen duen erakundea— adostasunarekin kontratatu da zerbitzua areagotzea eta maiztasunak handitzea.
Urriaren 1etik urtarrilaren 1era bitartean indarrean izango den kontratazio berriari esker, astean 72 espedizio gehiago egingo dira bi hiriguneen artean. Ostiraletik aurrera, egunero —lanegunetan—hamabi autobus zerbitzu eskainiko dira, Aguraingo erdigunearen eta Gasteizko autobus geltokiaren artean; larunbatetan, bost zerbitzu berri gehitu dira, eta igande zein jaiegunetarako, berriz, zazpi zerbitzu berri. Kontratuak 62.296,87 euroko kostua izango du, eta Alavabuseko 5. linearen barruan Gasteiz eta Agurain arteko zerbitzua martxan jarri arte luzatu ahal izango da; gehienez, 2022ko abenduaren 31ra arte.
Ernesto Sainz Lanchares Aguraingo alkatearen arabera, "medikuarengana joatea, goi-mailako edota unibertsitateko ikasketak egitea, lan egiteko lekualdatzea edo hiriburuan aisialdia kontsumitzeko soilik egitea benetako odisea dira gaur egun Aguraingo bizilagunentzat". Ondorioz, kasu gehienetan, oinarrizko ibilgailu bat izatera behartuta daude; horregatik areagotu nahi izan dituzte maiztasunak, Nafarroako Gobernuaren egungo N4 linearen eskaintza eta Renferen eskaintza osatzeko.