Arabak eta Nafarroak garraio publikoa hobetzeko akordioa itxi dute

Erredakzioa 2021ko mar. 16a, 16:53

Bernardo Ciriza Perez eta Blanca de la Peña. / AFA

Bi lurraldeetan errepideko garraio publikoa hobetzeko elkarlanean arituko dira Araba eta Nafarroa. Arabako Diputazioak 2022an hartuko du bere gain Agurain eta Gasteiz arteko loturaren kudeaketa.

Astearte honetan, Blanca de la Peña Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko foru diputatuak eta Bernardo Ciriza Perez Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako sailburuak hitzarmen bat sinatu dute, bi lurraldeetan errepide bidezko garraio zerbitzu publikoa indartzeko eta hobetzeko.

Azkenean, Arabako Diputazioak bere gain hartu ahal izango du Agurain eta Gasteiz arteko autobusaren kudeaketa. Gainera, Nafarroako Gobernuak laster aterako duen Iruñea-Gasteiz linearako emakidaren lizitazio agirietan bi udalerri horien trafikoa debekatuko du, Arabako Aldundiak Alavabuseko 5. linean sar dezan.

"Albiste bikaina da Arabarentzat eta, bereziki, Aguraingo bizilagunentzat", nabarmendu du De la Peñak. "Aukera emango digu une honetan indarrean dagoen eskaintza nabarmen hobetzeko eta BAT txartela ere erabili ahal izateko".

Iruñea-Gasteiz linea, berriz, Nafarroaren esku geldituko da, eta zerbitzu esklusiboa eskainiko die, besteak beste, Irurtzun, Uharte-Arakil, Lakuntza, Etxarri-Aranaz, Urdiain, Altsasu eta Olazti herriei, baita Arabako hiriburuari ere. Kasu honetan, Arabako Aldundiak Iruñea eta Gasteiz arteko trafikoa debekatuko du Bilbo-Iruñea linearako emakidaren lizitazio dokumentuetan; baita aipatutako zazpi herri horien trafikoa ere.

Linea berriak 2022an

Emakida horiek datozen hilabeteetan lizitaziora ateratzeko asmoa dute bi gobernuek. Beraz, ohiko epeen arabera, linea berriak 2022an abiaraziko lirateke. Arabako Aldundiak orduantxe hartuko du bere gain Agurain eta Gasteiz arteko trafiko zerbitzua.

Biztanle gutxiko eremuak

Hitzarmenaren beste helburu bat izango da biztanle gutxi dituzten eremuetan zerbitzuak mantentzea, landa eremu horietan ere mugikortasuna bermatzeko.

Hitzarmenak egiaztatzen duenez, bi administrazioen zerbitzuen trafikoek bat egiten dute Gasteiz - Santikurutze Kanpezu - Lizarra (Arabaren esku), Calahorra - Gasteiz, eta Iruñea - Logroño (azken bi horiek Nafarroako Gobernuaren menpe) lineetan. Horrek bikoiztutako zerbitzua dakar Kanpezu, Antoñana, Atauri, Maeztu, Birgaragoien, Azaceta, Egileta, Ixona, Andollu, Argandoña, Aberasturi, Askartza, Elorriaga eta Gasteiz guneetan, eta Nafarroako Zuñiga, Acedo, Antzin, Mendilibarri, Murieta, Zufia, Zubielki eta Lizarra guneetan.

Arabako Diputazioak eta Nafarroako Gobernuak komenigarritzat jo dute zerbitzu horiek mantentzea, ordutegiak osagarriak direlako eta biztanleria dentsitate txikiko eremu horietako erabiltzaileentzako eskaintza hobea izaten laguntzen dutelako.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago