AITOR DURAN RUIZ DE EGINO

"Mendi-lasterketak egiteko grina piztu zitzaidan Hiru Handiak probarekin"

Mirian Biteri 2021ko ira. 12a, 10:00

Aitor Duran, 'Zegama-Aizkorri' mendi lasterketan. DAVID LAMAZA

Urteak daramatza Aitor Duran Ruiz de Eginok Euskal Herriko zein kanpoko mendiak korrika zeharkatzen; orain, 'Hiru Handiak' probarako prestatzen ari da.

Urriaren 9an, Hiru Handiak mendi proba ospetsuak Gorbeia, Anboto eta Aizkorriko gailurrak lotuko ditu. Aitor Duran Ruiz de Egino (Araia, 1981) korrikalaria 101 kilometroko luzera duen ibilbidea buru-belarri prestatzen dabil asteotan. Esku artean dituen erronken gainean zabal hitz egin du.

Hiru Handiak heldu baino lehen baduzu bestelako hitzordurik buruan?

Bai. Asteburu honetan bertan, Pirinioetara joango naiz Canfranc-Canfranc izeneko mendi maratoia egitera. Desnibel handia du eta luzea ere bada, 45 kilometro dituelako; hortaz, oso baliogarria da Hiru Handiei begira. Hurrengo asteburuan, lasterketa laburragoa dut Anboto aldean, Atxondon: Sorginen Lasterketa; eta horren ostean, Gorbeia Suzien etorriko da. Hiru Handiak probarekin emango diot amaiera aurtengo denboraldiari.

Lasterketa berezia da zuretzako, ezta?

Bai. Araiakoentzat oso hitzordu polita da Hiru Handiak. Kontua da lehen ekainean egiten zela eta orain dela urte batzuk udazkenera pasatu zutela eta apur bat luze egiten zaizula denboraldia. Baina, hala ere, bere xarma du. Mendian korrika egiten hasi nintzenean egin nuen lehenetariko lasterketa izan zen, eta gehien erakartzen nauena da agian. Bertan piztu zitzaidan mendi lasterketak egiteko grina.

"Otsailetik lasterketa gehienek egin dute aurrera, segurtasun neurri bereziak beteta"

Orain bete-betean zabiltza, baina geldirik ere egon behar izan zinen konfinamendu garaian. Nola eramaten du mendi korrikalari batek egoera hori?

Guztioi oso gogorra egin zitzaigun; naturan korrikan ibiltzen ohituta gaudenontzat aldapatsua izan zen. Etxean bizikleta eliptikoan eta arrabolan ibili nintzen, eta baita etxeko garajean korrika egiten ere. Konfinamendua amaitzean, gogotsu atera baginen ere, hitzordu asko bertan behera geratu ziren. Baina, otsailetik lasterketa gehienek egin dute aurrera, segurtasun neurri bereziak beteta. Esaterako, parte-hartzaile guztiak batera atera beharrean, taldeka egiten dira orain irteera asko. Egia esan, etxean horrenbeste denbora sartuta egon ostean, gogoz hartu dugu.

Nola prestatzen zara Hiru Handiak bezalako proba baterako?

Prestaketa berezirik ez dut egiten. Urte osoa ematen dut astean bost bider edo korrika egiten, menditik zein kaletik. Normalean, astean zehar lasaiago nabil, eta aste bukaeran entrenamendu luzeagoa egiten dut mendian. Gainera, proba aurretik egiten ditudan bestelako lasterketak ere entrenamendu modukoak dira niretzako.

Elikadura zaintzen duzu?

Egunero zaintzen naiz, ez bakarrik lasterketa bat dudan bakoitzean. Dena dela, ez dut dieta berezirik jarraitzen; denetarik jaten dut. Baina saiatzen naiz proben aurretik karbohidrato gehiago sartzen. Elikadura baino, niretzako garrantzitsuagoa da hidratazioa. Horrelako proba batean ordu asko ematen dituzu, eta ura eta gatz mineralak ez dituzu bakarrik horrek irauten duen bitartean hartu behar; funtsezkoa da aurretik ondo hidratatuta egotea.

"Batzuetan zaila da 100 kilometroko plangintza bat egitea, errazagoa da zatika banatzea eta etapa horietan esperoan dudanarekin pentsatzea"

Eta burua zelan prestatzen duzu? Horrelako proba batean oso garrantzitsua delako mentalki ondo egotea...

Hala da, bai. Prozesu mentala luzea da. Hiru Handiak bezalako proba luzeak erronka txikietan banatzen ditut; Murgiatik atera eta Araiara zer ordutan helduko naizen pentsatu ordez, lehenengo Otxandiora nola iritsiko naizen eta Landa aldean nola joango ote naizen pentsatzen dut, edo lagunak eta bikotea ikusiko ditudala. Horrelako eskema txiki bat egitea prozesu mentala ere bada. Batzuetan zaila da 100 kilometroko plangintza bat egitea, errazagoa da zatika banatzea eta etapa horietan esperoan dudanarekin pentsatzea. Horrek guztiak ematen ditu indarrak aurrera egin ahal izateko.

Ez da lehenengo aldia Hiru Handiak egiten duzula. Esperientziak ere laguntzen al du?

Lehenengoa 2008. urtean egingo nuen, eta, orduz geroztik, guztietan parte hartu izan dut. Hasierako urteetan helburua proba bukatzea zen. Gogoan dut lehenengoz egin nuenean 21 ordu behar izan nituela; inoiz baino gehiago sufritu banuen ere, pozarren amaitu nuen. Esperientziari dagokionez, ez dakit esaten onerako edo txarrerako den. Batetik, gogorra da jakitea aurretik duzuna; baina, egia esan, ibilbidea aurretik ezagutzeak laguntzen du; esaterako, erregulatzeko edo denbora murrizteko.

"Araiakoentzat Zegama-Aizkorri oso hitzordu garrantzitsua eta polita da, bertatik, Aratzetik pasatzen delako eta aparteko giroa sortzen delako"

Baduzu bestelako lasterketa kuttunik?

Bai. Zegama-Aizkorri ere oso gustuko dut. Araiakoentzat oso hitzordu garrantzitsua eta polita da, bertatik, Aratzetik pasatzen delako eta aparteko giroa sortzen delako. Mendiko korrikalarientzat oso froga berezia da, hain justu ere, horregatik.

Eta nazioarte mailan? Kanpoan ere ibilia zarelako...

Bai, batzuk egin ditut. Espainia mailan egiten diren bestelako ultretan parte hartu izan dut Europako mendietan edo Pirinioetan, esaterako. Bestetik, Alpeetan ere egonda nago; tartean, Mont-Blanceko ultra trail-ean. Kanpoan antolatzen diren probak ezagutzea dut gustuko, eta bereziki, disfrutatzea.

Beti mendian ibilitakoa zara?

Txikitatik izan dut gustuko mendian ibiltzea; mendiak ematen didanak ez dit kaleak ematen. Errepidetik korrika egiten aritzen diren taldeak entrenatu ditut, eta oso monotonoa egiten zait, aspergarria. Naturak, aldiz, lasaitasuna ematen dit, eta ez niri bakarrik. Mendiko lasterketak azken urteotan egin dira ospetsu, eta eskertzekoa da jendeak horrelako ohiturak hartzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago