Garraio Publikoaren aldeko Lautadako Plataformak ez du erakundeen arteko hitzarmena ezagutzen

Mirian Biteri 2021ko mar. 31a, 09:30

Diputazioaren aurreikuspenen arabera, autobus linea berriak datorren urtean abiaraziko dira. ALEA

Iragarri du Aguraingo Udalean idatzi bat aurkeztuko dute, horren inguruan informazio gehiago eskatzeko. 

Garraio Publikoaren aldeko Lautadako Plataformatik azaldu dute oraingoz duten "informazio bakarra" dela komunikabideetan agertu dena, eta, hortaz, Aguraingo Udalean idatzi bat aurkeztuko dutela laster, horren inguruan informazio gehiago eskatzeko. 

Martxoaren erdialdean hitzarmena itxi zuten Arabako Foru Aldundiak eta Nafarroako Gobernuak, Lautada aldeko garraio publikoa hobetzeko. Horri esker, Arabako Diputazioak bere gain hartu ahal izango du Agurain eta Gasteiz arteko autobusaren kudeaketa.

Plataformako kide Gotzon Lopezek azpimarratu nahi izan du herritarrek "berdin" jarraitzen dutela: "Hitz onak bai, baina emaitzarik oraingoz ez dago. Beraz, Udaletik informazio gehiago jaso eta emaitza ikusi bitartean, ezin dugu hitzarmenaren balorazio bat egin; baina egitekotan negatiboa egingo genuke, gure eguneroko bizitzan ez duelako oraindik inongo eraginik izan", adierazi du. Gogorarazi du, halaber, goizetan Gasteiz eta Agurain lotzen dituen autobus bakarra izaten jarraitzen dutela; hain justu ere, 07:00etan Lautadako herritik ateratzen dena. 

80.000 euro

Horrekin lotuta, plataformako ordezkariak galdetu du non dauden Arabako Foru Aldundiak Aguraingo Udalari iragarritako 80.000 euroak, Nafarroako Gobernuarekin autobusen maiztasuna handitzea adostu dezan, Aldundiak bere gain hartu bitartean: "Ez dakigu non dagoen diru kopuru hori. Suposatzen dugu Aguraingo Udalak jaso egin duela dirua, baina ez dakigu zer egingo duten horrekin. Hemen ez da inongo neurririk hartu eta ez da horren inguruan ezertxo ere esan", jakinarazi du Lopezek. 

Garraio Publikoaren aldeko Lautadako Plataforma ez da azalpenak eskatu duen bakarra. Aguraingo EH Bildu taldeak ere egoera argitu dezala eskatu dio udal gobernuari, "Aguraingo garraio publikoaren kudeaketaren inguruko informazioa prentsan ikusi ondoren". Besteak beste, "arazoa" zer baldintzatan negoziatzen ari den eta Gasteiz eta Agurain arteko joan-etorrien maiztasunak zenbat handituko diren.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide