Koronabirusa

Isilpean zabaldu den tsunamia

Juanma Gallego 2021ko api. 1a, 08:00

Osasunaren arloko langileak lehen lerroan aritu dira. M. ARRAZOLA/IREKIA

Covid-19aren krisiak gogor astindu ditu sektore guztiak, eta hau mundu osoko fenomenoa izan da. Baina gertueneko espazioetara jaitsita ikusten da hoberen pandemiak izan duen inpaktua. Kontuan hartzeko moduko irakaspenak dira. 

Antena 3 telebista katean arratsaldeko lehen orduetan jarri ohi duten film kaskar horietako bat lehen pertsonan bizitzea. Horixe izan zen gurean Covid-19a zabaltzen hasi zenean jende ugarik partekatutako sentsazioa. Egun batetik bestera gauzak okertzen zireneko pertzepzioa. Denborarekin, ordea, egoera barneratzen ari den susmoa da agian gehien nagusitzen ari dena, noizbait gauzak aurreko egoerara bueltatuko diren itxaropenarekin batera.

Urtebete pasata, historiaren lehen zirriborroa egiteko unea iritsi da. Seguruenera, liburu marduletan Osasunaren Mundu Erakundearen erabakiak, txertoen gaineko mugimendu geopolitikoak edota gizarte eta ekonomia desberdinetako ohiturak hankaz gora jarri dituzten portaera berriak azalduko dira. Alabaina, objektibo angeluhandia kendu eta makroa jartzean ulertzen da hoberen isil-isilean baina batere gupidarik gabe mundu osoa hartu duen pandemiaren ibilbidea.

Badira lehen lerroan bizi izan dutenak, eta horien testigantza jaso nahi izan dugu, besteak beste, isilpeko protagonistak izan direlako. Horietako bat Haizea Ibañez de Opakua gazte aguraindarra izan da. Bi urte besterik ez daramatza lanean, anbulantzietako osasun larrialdietarako teknikari gisa. Bada, bi urte horietatik bat pandemiari atxikita egon da haren jarduna, eta ez da batere erraza izan. Covid-19ak jota zeudenak artatzeko anbulantzian ibili da. "Nahiko zortea izan dut, soilik iazko urtearen amaieran lan egin nuelako anbulantzia horretan. Baina denbora gehiago eman duten lankideek oso une gogorrak bizi izan dituzte. Pentsa; etxe batera iritsi, aita, aitona edo amona jasotzeko… eta bertan zeuden guztiek bazekiten hori seguruenera behin betiko agurra zela. Oso latza izan da".

"Jendea arduraz aritu da; baina ez dute bizi nik bizi izan dudana".
Haizea Ibañez de Opakua, larrialdietako langilea

Hogei urterekin, krisiak bi aldeetatik jo du osasun langilea. "Maila pertsonalean, pandemiak lagunekin partekatutako aisialdia kendu dit. Lanetik etxera eta etxetik lanera eman dut denbora asko". Horrez gain, lagunekin egoteko parada izan duenean ere, berarentzat bederen gauzak ez dira berdinak izan. "Ahal zenean, lagunak poteoan geratzen ziren, baina nik askotan ezin nuen, lanean ikusitakoa ezin nuelako burutik kendu. Tira, zure aurrean pertsona bat hiltzen denean, ez da erraza poteoan ibiltzea". Bestalde, osasun krisiaren tamainaz ohartuta, inguruan ikusitakoa zaila egin zaio Ibañez de Opakuari. "Kañak hartzen ari zarenean edo supermerkatura joaten zarenean, jende pilaketak ikusten dituzunean… horrek pena pixka bat ematen dizu. Nik badakit askotan jendeak kezka eta ardura dituela, baina, noski, ez dute bizi nik bizitako berdina". Halere, gazteen defentsan atera da osasun langilea. "Askotan gazteei errua bota digute, baina adin eta sektore guztietakoak dira gauzak ondo zein gaizki egin dituztenak. Hau guztia zerbait berria izan da denentzat, eta norberak ahal izan duena egin du".

Gertuko aholkuak

Gauzak ahal moduan egiteko behar hori batez ere erabakigarria izan zen pandemiaren lehen urratsetan. Eta lubaki horretan ibili ziren, buru-belarri, farmazialariak. "Hasieran informazio falta izugarria egon zen; ziurgabetasun asko zegoen, eta inprobisatu behar izan genuen", gogoan du Dulantziko Angulo Arce botikako farmazialari Javier Angulok. "Norberak hoberen ikusten zuen moduan hartzen zituen babes neurriak". Egun latz horietan, farmazialariek antzeko birusen transmisioa galarazteko ezagutzen ziren estrategiak martxan jartzen hasi ziren, eta askotan beste kideengana jotzen zuten, aterabiderik hoberenak lehenesteko. "Zuk zeuk neurri batzuk hartu eta astebetera iristen ziren neurri ofizialak".

Egun horietan, bezeroak neurri horien beharraz kontzientziatzea zaila izan zen. "Orain naturaltzat hartzen dugu bezero bat barruan egotea eta beste bat kanpoan izatea, baina duela urtebete ez zen hain erraza jendeari hori ulertaraztea".

"Botika guztietan kontuan hartzen dira onurak eta arriskuak".
Javier Angulo, farmazialaria

Ideia asko bai, baina, une horietan babes materialen falta izan zen zailena. "Eskerrak Farmazialarien Elkargo Ofizialaren bidez maskarak eta pantailak lortu genituela. Horrela, gure buruak babesteko, bederen, bageneukan zerbait".

Hasierako zalantza horiek gaindituta, orain jendearen kezka nagusia txertoen haritik dator. Bada, informazio instituzionala hankamotz eta zabuka dabilen garaietan, oraingoan ere gertuko profesionalen ahotsean aterpe bilatzea da hoberena. "Egunero erabiltzen ditugun botika askok txertoek baino albo ondorio ugariagoak izan ditzakete", argitu du adituak. "Erreakzio horiek ikertu behar dira, noski; eta, loturarik egonez gero, erreakzioen intzidentzia zein den ikusi behar da".

Gogoratu duenez, botika guztietan ebatzi behar da zein den onuren eta kalteen arteko balantzea, eta, horren arabera, erabakiak hartu. AstraZeneca txertoari ustez lotutako odolbildu kasuei dagokienez, emakume askok antisorgailu gisa hartutako hormonetan lotura hori aurkitu dela nabarmendu du, eta, gogoratu du albo kalteen intzidentzia tasaren zein onura eta arriskuen balantze horren arabera hartzen direla botika horiek hartzeko irizpideak.

Adinekoak, gogoan

Txertoen garapen azkar honek suposatu duen mirariaz konturatzeko agian hamarkadak behar izango dira. Momentuz, birusaren aurrean zaurgarritasun gehien erakutsi duten sektoreetara iritsi dira lehenengo txertaketak. Heldu bitartean, ordea, sarraskia bereziki gogorra izan da adinekoen artean. Aguraingo Sallurtegi Zahar Etxeko erizain laguntzaile Rebeka Gonzalez de Alaizak bizipen gogorrak izan ditu bertan. "Lankideen artean noizbait komentatu dugu. Egoiliarrek garai latzak bizi behar izan zituzten gaztaroan, eta, orain, berriz, pandemia hau jasan behar izan dute".

Agintariek bereziki krisiaren hasieran erakutsitako portaera ez du begi onez ikusi erizainak. "Oso haserre nengoen, erabakiak hartu zituztelako gu eta egoiliarrak kontuan hartu gabe. Eguneko zentroa itxi zuten. Ahal moduan moldatu ginen espazioa eraldatzen eta altzariak kentzen, behar izanez gero beste ohe batzuk jarri ahal izateko. Hasieran, NBEak [norbera babesteko ekipamendua] falta ziren, eta musukoarena barregarria izan zen, negar ez egitearren. Bost egunez jarraian erabiltzeko ematen zizkiguten". Pixkana materiala iritsi zen arren, kutsatzeak eta ondorengo isolamenduak atazak biderkatu zituen. 

"Gazte zirenean, garai latzak bizi zituzten; eta orain hau etorri zaie".
Rebeka Gonzalez de Alaiza, Sallurtegiko erizain laguntzailea


Egoera guztientzako latza izan  arren, Gonzalez de Alaizak bereziki gogoan ditu psikogeriatriako pazienteak, askotan bizitzen ari ziren egoeraz jakitun izateko gai ere ez zirelako.

Unerik gogorrena, beharbada, Covid-19ak kutsatutako egoiliarrak Zadorra erresidentziara eraman zutenekoa izan zen. "Egun batetik bestera, lanera joan eta plantilla osoa negarrez topatu nuen". Horren arrazoia izan zen agintariek gaitzak jotako adineko guztiak Zadorran biltzea erabaki zutela. Autobus batean sartu eta bertara eraman zituzten. "Oso gogorra izan zen, uste genuelako Agurainen bertan ondo zaintzeko aukera bagenuela"


Gune itxietan pilaketak ekiditea funtsezkoa izan da. / SAIOA PEREZ DE MUNIAIN

Denborarekin, Gonzalez de Alaiza ere Zadorrara eraman zuten, bertako egoiliarrak artatzeko. "Bertan ere egoera oso zaila izan zen. Gehienek ez zuten elkar ezagutzen. Gainera, lehen egunetan gela bakoitzeko hiru paziente sartu nahi zituzten, baina langileek ezetz esan zuten, eta bakoitzeko bi egotea lortu zuten". Ekarritako oheak ere hala moduzkoak izan ziren. "Arkautiko akademiatik ekarriak ziren, baxuak, artikulatu ezin diren horietakoak". Modu batean edo bestean, eskura zeuzkaten bitartekoekin, egoiliarrak ahalik eta ondoen egon zitezen saiatu ziren zaintzaileak. "Energia xurgatze handia jasan genuen. Baina, hala eta guztiz ere, lantalde bikaina izan da", nabarmendu du erizain laguntzaileak.

Dominak eta ondorioak

Egindako lana, ordea, ez da beti aitortu behar bezala, Gonzalez de Alaizaren aburuz. Gogorarazi duenez, heriotzen kopuruak Zadorra egoitzan gora egiten zuen heinean, lan karga jaitsi zen, eta bertan aritutako langile asko etxera bidali zituzten, egun batetik bestera. Larrialdi garaian ere, ekonomiaren logikak haren ibilbide zurruna jarraitzen du, albo ondorioei erreparatu gabe.

Halako testigantzak jasotzean, eta beharrezko distantziak mantenduta, ezinezkoa da ez oroitzea Txernobylen unerik gogorrenean aritu ziren likidatzaile horietaz. Munstroaren kontra lehen lerroan aritu ziren, eta, ordainean, domina bat jaso zuten. Ondoren jaso zutena ere ezaguna da. Gure likidatzaileek txaloen domina jaso dute jada, baina munstroaren oroimena erraietan eramango dute, bizitza osorako. 

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago