Saioa Urteaga, irakaslea (Araia)
Krisiaren inguruan informazio falta egon dela nabarmendu du Asparreneko haurreskolako irakasleak. "Ez dugu nabaritu hedabideetan gauzak ondo azaltzen zirenik". Pandemia aipatuta, beldurra, ezjakintasuna edota egonkortasun falta dira burura datozkion ideiak. "Egon diren debekuak askotan zentzugabekoak izan dira. Une batean gauza bat esan, eta, handik gutxira, kontrakoa". Irakaslearen arabera, erabaki horien atzean arrazoiak egon daitezke, baina agintariek ez dute jakin ondo azaltzen. Harremanei dagokienez, Sakanarekiko egon den etena aipatu du. "Kontuan izan kudeaketak eta abarrekoak egiteko, gure erreferentziak Agurain eta Altsasu direla". Lanean, guraso askok arazo ekonomikoak izan dituztela nabarmendu du, eta horrek ere isla izan du haurreskolan. Bestetik, haurren defentsan atera da. "Batez ere hasieran leporatzen zitzaien kutsatze foku izatea, baina gero agerian geratu da ez dela hala izan. Egoera ondo kudeatuta, gauzak ondo atera daitezkeen seinale izan da hori".
Juanjo Lekuona, erretiratua (Ezkerekotxa)
Konfinamendua ez zen nobedade bat izan erretiroan dagoen apaizarentzat. "Hiruzpalau urte izango dira jada autoa gidatzen ez dudala, eta, autobusak iristen ez diren herri txiki batean egonda, praktikan beti konfinatuta nago". Baina egoera berriak harremanak asko zaildu dituela onartu du. "Jendearekiko kontaktu hori funtsezkoa da; biltzea edota nola dauden jakitea". Birusari berari baino, depresioari beldurra diola aitortu du. "Egoerak ekarri du jende asko depresioan egotea. Ilusio eta itxaropenik gabe geratzen dira. Triste daude, aterabiderik ikusten ez dutelako, eta batzuk, gainera, modu kronikoan daude egoera horretan. Horrek ikara ematen du". Bestalde, pandemiak gizartean gauzak aldatuko zituen itxaropena zuen hasieran. "Baina badirudi aurreko egoerara bueltatuko garela. Gehiegizko kontsumoa, turismoa barra-barra, zarrastelkeria... badirudi tamalez horietara lotuta gaudela. Eta zinez, pena bat da, planetak ezin izango diolako martxa honi eutsi".
Iune Trecet, kazetaria (Araia)
Donostiarra jaiotzez, Araian bizi da kazetaria, eta Altsasun lan egiten du. Beraz, mugikortasunari lotutako murrizketak gertutik nozitu ditu. "Ez dut izan Donostiara joateko modurik, eta horregatik, familiatik urrun egon naiz. Hori nahiko gogorra egin zait", aitortu du. Bikotekidea etxean egonda, berriz, egoera arinagoa egin zaio. Arlo profesionalean, telelanean buru-belarri murgildu den horietako bat da Trecet. Sakanako 'Guaixe' hedabidean lan egiten du, eta hasieratik formula honi ekin zioten. "Lehen momentuetan zaila izan zen, baina orain, behin ohituta, oso ondo moldatzen naiz, askoz errazagoa da eta". Haurrak dituzten beste lankideei, berriz, zailago egin zaie. Faltan bota du, halere, zuzeneko kontaktua, eta astean zehar egiten dituzten hiru bideokonferentziekin hutsune hori betetzen saiatzen dira. Nafarroara joan behar izan denean, inoiz ez dute gelditu errepideko kontrol batean, kontrako noranzkoan aurkitu dituelako. "Baina, lanera joan arren, inoiz ezin duzu kendu zerbait txarra egiten ari zaren sentsazio hori".
Amaia Ordoño Larrea, ikastetxeko langilea (Zalduondo)
Baserri batean bizi da Ordoño Larrea, eta, horregatik, berak ere maila pertsonalean nahiko modu lasaian bizi zuen krisiaren hasiera. "Hau oso desberdina da Gasteizen bizi direnekin alderatuz. Gutxienez, inguruetan lasai ateratzeko moduan egon gara". Umeekin eta senitartekoekin harremanak sendotzeko garaiak izan ziren. "Tira, baita pazientzia lantzekoak ere!". Baina guztiek ez dute zorte berdina izan. "Argi dago egoera oso bortitza izan dela. Adibidez, gure amamak 90 urte ditu, eta ia urtebete eman du etxetik atera ezinik. Beldur askorekin ibili da, gerra garaiak gogoan". Ikastetxean, berriz, gogorra egin zaio umeak egun osoan maskara ipinita ikustea. "Kalean ikusten dituzu eta ez dituzu ezta ezagutu ere". Lehen txertoa jarri eta bost egunera mintzatu da Lautadako ALEArekin. "Etenak erdian harrapatu nau, eta zabaltzen ari den informazioarekin pixka bat kezkatuta nago, noski. Baina txertatzea da egoerari aurre egiteko egin daitekeen gauza bakarra, eta konpromiso sozial hori bete nahi dut".
Aitor Ruiz de Luzuriaga, kirol teknikaria (Araia)
Mundua nolabait gelditu izana ondo etorri zaio kirol arloko psikologoari. "Gauzak beste perspektiba batetik bizitzeko aukera izan dut, bederen. Abiadura handiko bizitzan murgilduta geunden, eskaeraz beteriko jardunetan, eta estresak askotan gure gaitasunak gainditzen zituen". Konfinamenduak, bederen, ondoan zuena gehiago baloratzeko beta eman zion. "Egia esanda, osasun neurriak betetzeaz gain, norberak ezer gutxi egin ahal zuen krisi honetan". Dena ez da izan lasaitasuna, noski. Izan ere, senitarteko bati ebakuntza garrantzitsu bat atzeratu zioten. "Zorionez, dena ondo atera zen". Kirolaren alorrean, berriz, krisia asko nabaritu dute. Hainbat hilabetez ABLEan egon dira, eta etorkizuna ez dute batere argi ikusten. Are gehiago, berriro martxan hasi direnean pandemiari loturiko murrizketek etenak eragin dituzte, eta horrek lotura zuzena izan du diru laguntzetan eta lan baldintzetan. "Orain zalantza da 2021. urtea nola bukatuko dugun, ziurgabetasun asko dagoelako".
Maitena Perez Saez de Asteasu, ostalaria (Agurain)
Jose Mari 'El Gordo' jatetxeko ostalariarentzat krisiaren hasiera benetako shock bat izan zen. "Pentsatzen genuen hamabost eguneko kontua izango zela, eta begira oraindik nola gauden". Unean bertan zentratzea izan da egoerari aurre egiteko jarraitu duen estrategia. "Iraganean eta etorkizunean asko pentsatu gabe, eta hilabetez hilabete edota astez aste gauzei heltzea". Oso modu latzean bizitzen ari da krisia, baina herriko jendearen partetik jaso duen babesa azpimarratu du. Jatetxean eramateko janaria prestatzeari ekin zioten, nolabait aurrera egiteko. "Lokala gurea denez, dena ordainduta genuen, ez genuen zor ezta Coca Cola bat ere. Alde horretatik, lasai lo egiten genuen. Baina ez dakigu noiz arte jasango dugun. Langileekin ABLEekin moldatu behar izan dugu, inor kaleratu gabe eta lanaldiak murriztu gabe. Baina ama eta biok urtebete daramagu soldata bat jaso gabe". Agintariek jarraitutako neurriekin oso haserre dago ostalaria, merkataritza txikian triskantza handia eragin dutelako.