Eusko Jaurlaritzak ostegun honetan eman du EAEn konfinatuko dituzten herrien zerrenda, eta, espero zen bezala, Arabaren kasuan hiru udalerriri eragingo die konfinamendu perimetralak. Azken asteetan osasun egoerak izandako bilakaeraren ondorioz, eta indarrean dauden azken neurriak aplikatuz, ostiraletik aurrera Agurainen, Asparrenean eta Donemiliagan ezarriko da konfinamendua.
Hiru udalerriak eremu gorrian daude une honetan, azken bi asteetan 100.000 biztanleko 500 kasu baino gehiago izan dituztelako: intzidentzia tasa metatua 635,16koa da Agurainen, 1980,20koa Asparrenean, eta 1101,93koa Donemiliagan.
Ondorioz, ostiraletik aurrera ezin izango da udalerri horietatik irten (edo bertan sartu) justifikaziorik gabe. Konfinamenduarekin batera, gainera, beste neurri batzuek eragina izango dute udalerri horiengan:
- Ostalaritza itxita mantenduko da.
- Eskola kirola eta taldeko jarduera fisikoa ez dira baimenduta egongo.
- Joko areto zein apustu etxeetan ez da jarduerarik egongo.
Baheketa masiboa
Bestalde, asteazkenean hiru udalerrietan abiarazitako baheketa masiboak aurrera jarraitzen du, Aguraingo kiroldegian. Urtarrilaren 16ra bitartean, 9:00etatik 20:00etara, eta aldez aurretik hitzordurik eskatu gabe, Agurain, Asparrena eta Donemiliagako 16 urtetik gorako herritar guztiak joan daitezke PCR proba egitera.
Hiru erizain ari dira Aguraingo kiroldegian. Lau egunez luzatuko den baheketaren helburua eskualdeko 6.000 bizilagun inguru artatzea izango da, asintomatikoak atzemateko eta Lautadako kutsatzeen hazkundea geldiarazteko.
Gainera, Osasun Sailak jakinarazi duenez, Aguraingo kiroldegian egiten ari den baheketaz gain, datorren larunbatean, urtarrilaren 16an, Araiako osasun zentroan ere PCR probak egingo dira, 9:00etatik 17:00etara. Hala ere, osasun agintariek gomendatu dute Agurainera joan daitezkeen pertsonak bertara joatea, jende pilaketak saihesteko Araiako osasun zentroan.
Arabako intzidentzia tasa gora doa
Lautadaz harago, Arabako egoera ez da hain larria, oro har; baina intzidentzia tasa metatuaren hazkundea kezkagarria da: azken 24 orduetan, 119 positibo berri atzeman dira lurraldean, eta intzidentzia tasa metatua 340,09koa da une honetan. Hiriburuan, Gasteizen, 350,68koa da, eta eremu gorritik kanpo mantentzen da, oraingoz.
Hala ere, 5.000 biztanletik beherako beste hainbat udalerri txikitan 500etik gorakoa da une honetan intzidentzia tasa metatua:
- Armiñon: 1.345,29
- Artziniega: 994,24
- Barrundia: 531,35
- Eskuernaga: 3.546,10
- Lantziego: 929,61
- Lantaron: 529,10
- Mañueta: 934,58
EAEko egoera orokorrari erreparatuz, asteazken honetan 13.021 test diagnostiko egin ziren, eta, horietatik, 771 positiboak izan ziren; hau da, emaitza positiboak %5,9 izan ziren. Ospitaleen egoerari dagokionez, Osasun Sailaren azken datuen arabera:
- 74 pertsona ospitaleratu ziren asteazkenean Covid-19aren ondorioz; guztira, 368 lagun daude Osakidetzan ingresatuta.
- Covid-19a duten 83 pertsona ZIUn daude.
- Urtarrilaren 4tik 10era bitartean, 36 hildako izan dira Covid-19aren ondorioz.