Koronabirusa

Hasi da baheketa masiboa Agurainen

Erredakzioa 2021ko urt. 13a, 13:25

Abiatu da Osakidetzaren baheketa masiboa Aguraingo kiroldegian. Urtarrilaren 16ra bitartean, Agurain, Asparrena eta Donemiliagako 16 urtetik gorako herritar guztiak joan daitezke PCR proba egitera. Azken 24 orduetan, Lautadako egoerak okerrera egin du.

Asteazkenetik larunbatera, 9:00etatik 20:00etara, Aguraingo kiroldegian egingo dira PCR probak. 16 urtetik gorako herritar guztiak joan ahal izango dira, eta ez da beharrezkoa izango aldez aurretik hitzordua eskatzea.

Hiru erizain ari dira Aguraingo kiroldegian, aurretiko hitzordurik gabeko PCR probak egiten. Lau egunez luzatuko den baheketaren helburua eskualdeko 6.000 bizilagun inguru artatzea izango da, asintomatikoak atzemateko eta Lautadako kutsatzeen hazkundea geldiarazteko.

"Herritar guztiak dei honetara joatera animatzen ditut, guztion onerako. Garrantzitsua da hitzordura etortzea; gure eta gure bizilagunen osasunarekin hitzordua da", adierazi zuen Aguraingo alkate Ernesto Sainzek bere Facebook orrialdean, baheketa egiteko deialdiaren berri izan bezain pronto.

Larunbatean, Araian

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, Aguraingo kiroldegian egiten ari den baheketaz gain, datorren larunbatean, urtarrilaren 16an, PCR proben baheketa masiboa egingo da Araiako osasun zentroan, 9:00etatik 20:00etara, 16 urtetik gorako pertsona guztiei zuzenduta.

Konfinamenduaren atarian

Azken egunetan, osasun egoera okertu da Arabako Lautadan. Azken 24 orduetan, positiboen kopuruak eta intzidentzia tasa metatuak okerrera egin dute: une honetan, azken 14 egunetan metatutako intzidentzia tasa 616,48koa da Agurainen, 1.547,03koa Asparrenean, eta 964,19koa Donemiliagan.

Positiboen kopuru handia dela eta, hiru udalerri horietako ostalaritzak pertsiana jaitsi behar izan du astearte honetan, eta, ziurrenik, ostiraletik aurrera konfinamendu perimetrala ezarriko da hiruretan, egoera hobetu ezean.

Lautadaz harago, Arabako egoera, oro har, ez da hain larria: azken 24 orduetan, 114 positibo berri atzeman dira lurraldean, eta intzidentzia tasa metatua 323,73koa da. Gasteizen 342,62koa da, eremu gorritik kanpo, oraingoz. Hala ere, 5.000 biztanletik beherako beste hainbat udalerri txikitan 500etik gorakoa da une honetan intzidentzia tasa metatua:

  • Artziniega: 994,24
  • Barrundia: 531,35
  • Eskuernaga: 2482,27
  • Lantziego: 664,01
  • Lantaron: 529,10
  • Mañueta: 934,58

EAEko egoera orokorrari erreparatuz, Osasun Sailaren azken datuen arabera:

  • 50 pertsona ospitaleratu ziren asteartean Covid-19aren ondorioz.
  • Covid-19a duten 78 pertsona ZIUn daude.
  • Urtarrilaren 4tik 10era bitartean, 36 hildako egon dira Covid-19aren ondorioz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago