Asteazkenetik larunbatera, 9:00etatik 20:00etara, Aguraingo kiroldegian egingo dira PCR probak. 16 urtetik gorako herritar guztiak joan ahal izango dira, eta ez da beharrezkoa izango aldez aurretik hitzordua eskatzea.
"Herritar guztiak dei honetara joatera animatzen ditut, guztion onerako. Garrantzitsua da hitzordura etortzea; gure eta gure bizilagunen osasunarekin hitzordua da", adierazi du Aguraingo alkate Ernesto Sainzek bere Facebook orrialdean. Halaber, deialdia zabaltzeko laguntza eskatu dute udalek; Asparreneko Udalak, adibidez, bando bat argitaratu du deialdiaren berri emateko.
Konfinamenduaren atarian
Azken egunetan, osasun egoera okertu da Araba osoan, eta bereziki Lautadan. Azken 24 orduetan, 92 positibo berri atzeman dira Araban, eta, une honetan, azken 14 egunetan metatutako intzidentzia tasa 579,11koa da Agurainen, 1423,27koa Asparrenean, eta 964,19koa Donemiliagan.
Positiboen kopuru handia dela eta, hiru udalerri horietako ostalaritzak pertsiana jaitsi behar izan du astearte honetan, eta, ziurrenik, hurrengo egunetan konfinamendu perimetrala ezarriko da hiruretan, egoera hobetu ezean.
Horrekin batera, Osasun Sailak eta Osakidetzak herritar guztiei gogorarazi diete Covid-19arekin bateragarriak diren sintomak badituzte —sukarra, eztula, eztarriko mina, arnasa hartzeko zailtasunak edo usaimena galtzea—, beren etxeetan bakartzeko eta osasun zentrora deitzeko.