Covid-19ren eraginari aurre egiteko eta tokiko ekonomia berpizteko asmoz, abenduan eta urtarrilean Agurain Bono kanpaina jarriko da abian, udalerriko merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzuetan kontsumoa bultzatu eta salmentak sustatzeko asmoz.
Osasun krisiak kolpatutako sektore horiei laguntzeko kanpaina Aguraingo Udalaren eta Lautada Bizirik elkartearen (ACICSA) arteko lankidetza hitzarmenaren barruan abiatu da. Aguraingo Udalak joan den ekainean tokiko merkataritzaren ekonomia berrindartzeko eta babesteko hartutako neurri sortaren parte da. Udalak 7.000 euro jarri ditu.
"Jakitun gara negozio horiek Aguraingo bizitza sozioekonomikoan duten funtsezko eginkizunaz, eta gure kaleei bizia eta kolorea ematen dieten eginkizunaz", adierazi du Ernesto Sainz alkateak.
Nola funtzionatuko dute bonuek?
Establezimendu guztiak atxiki ahal izango dira kanpainara, eta Aguraingo bizilagunek erabakiko dute bonuak non erabili:
- Abenduaren 9tik urtarrilaren 31ra bitartean, 1.200 bonu jarriko dituzte zirkulazioan, 15 euroko prezioan.
- Horiekin 20 euroko erosketak egin ahal izango dira atxikitako establezimenduetan; bost euro horiek Udalak jarriko ditu oso-osorik.
- Erosketek 20 euro edo gehiagokoak izan beharko dira, eta, beraz, ezin izango da 20 euro horien zati bat edo guztia eskudirutan itzuli.
- Bonu bakoitza erosketa bakar batean erabili beharko da, eta ezingo dira lau bonu baino gehiago pilatu erosketa bera ordaintzeko.
- Bonuak urtarrilaren 31ra arte erabili ahal izango dira.
- Deskontua bateragarria da beherapenekin eta establezimenduak berak antolatzen dituen beste promozio eta eskaintzekin.
Nola eskuratu bonuak?
- Adin nagusiko pertsonek erosi ahal izango dituzte Aguraingo Udalaren harreran, Zapatari kaleko 15. zenbakian.
- Pertsona batek gehienez ere lau bonu erosi ahal izango ditu kanpaina osoan zehar.
- Jatorrizko NANa aurkeztu beharko da, presentzialki edo baimendutako hirugarren pertsonek NAN/AIZ zenbakia adieraziz; Udalak NAN zenbakia gordeko du, dagozkion egiaztapenak egiteko, pertsona batek lau bonu baino gehiago eros ez ditzan.
Nola eman dezake izena establezimendu batek?
Agurainen gutxienez salmenta puntu bat irekita duten autonomoek, mikroenpresek eta enpresa txikiek —50 langile baino gutxiago eta 10 milioi euro baino gutxiagoko urteko fakturazioa dutenek— soilik parte hartu ahal izango dute kanpainan. Parte hartzeko, atxikitzeko eskabidea bete eta entregatu beharko da:
- Lautada Bizirik ACICSA elkartearen bulegoan, Langarika kaleko 4. zenbakian.
- Posta elektroniko bidez, emaildinamizadoralava@gmail.com helbidean.
- WhatsApp bidez: 679 74 92 72 telefono zenbakian.
- Aguraingo Udalaren harreran.
Parte hartzea doakoa da. Atxikitako establezimendu bakoitzak kartel bat jasoko du, eta abenduaren 9tik aurrera erakusleihoan edo leku ikusgarri batean jartzeko konpromisoa hartuko du. Azaldu dutenez, establezimendu bateko langileek ezin izango dute bonurik erosi bezeroen artean eskaintzeko.
Parte hartzen duten establezimenduen zerrenda osoa www.agurain.com webgunean kontsultatu ahal izango da.
Establezimenduek nola kobratuko dituzte bonuak?
Jasotako bonuak kobratzeko, establezimenduek Lautada Bizirik ACICSA elkarteko bulegoan aurkeztuko dituzte bonuak, otsailaren 9ra arte, asteartero 8:00etatik 15:00etara.
Bezeroek aurkeztu dizkieten bonuak, erosketa tiketaren edo grapatutako justifikazio fakturaren kopiarekin batera. Erosketa bakoitzaren zenbatekoa, guztira, 20 euro edo gehiagokoa izango da bonu bakoitzeko. Antolatzaileek ez dute onartuko erositako txartelaren tiketa edo faktura aurkezten ez duen bonurik.