Koronabirusa

Aguraingo herriaren "kriminalizazio sistematikoa" gelditzeko eskatu dute

Erredakzioa 2020ko urr. 16a, 19:00

Aguraingo bizilagunek agerraldia egin dute ostiral honetan. / ALEA

Aguraingo taberna, gastronomia elkarte eta herritarren kontrako "erabat logikaz kanpo dagoen etengabeko jazarpen poliziala" salatu dute bizilagunek. Egoera bideratzeko "mekanismoak" jartzeko eskatu diete Udalari eta Segurtasun Sailari.

Agurain zaintzen dugu lelopean bildutako dozenaka herritarrek agerraldia egin dute ostiral honetan, Aguraingo herriaren azken asteetako "kriminalizazio sistematikoa" arbuiatzeko. Izan ere, salatu dutenez, bertako tabernak, gastronomia elkarteak eta herritarrak "erabat logikaz kanpo dagoen etengabeko jazarpen poliziala" jasaten ari dira.

Isunak, "neurrigabeko" polizia operazioak eta atxiloketak. "Hori guztia, pandemiaren hasieratik aguraindarrak gizabideko portaera ezin hobea dugula erakusten ari garenean", kritikatu dute.

"Ezin da inola ere esan Agurainen pairatzen ari garen polizia-operatiboak koiunturalak direnik, ezta hurbileko polizia bati dagozkionak direnik ere", adierazi dute. "Indarkeria eta makarrismoa solik erakusten duten jarduera polizialak dira; desproportzio hori justifikatzeko, errealitatetik guztiz urrun dauden bertsio ofizial eta mediatikoak ematen dira, azken egunotan ikusi ahal izan dugun bezala"; besteak beste, Aguraingo ez-jaietako gertakariei erreferentzia eginez.

Salaketa gisa, herriko saltoki eta establezimendu gehienek ordu erdiz itxi dute, agerraldiarekin bat egiteko.

Udalari hiru eskaera

Horrenbestez, agerraldian Aguraingo Udalbatzari hiru eskaera zehatz helarazi dizkiote:

  • Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailari eskatu diezaiola Agurainen pairatzen ari diren "polizia jazarpena bertan behera uzteko mekanismoak" jar ditzala.
  • Azken asteetako gertaeren inguruko "bertsio ofizialak gezurtatu ditzala, Aguraingo herritarren defentsa aktiboa eginez".
  • Azkenik, aguraindarrek pandemiaren aurrean izandako "portaera ezin hobea publikoki aitortu dezala, eta azken asteetako "polizia ekintza neurrigabeek kaltetutako aguraindarrei elkartasuna adierazi diezaiela".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago