Marutegiko gaztelua aztertu dute EHUko arkeologoek

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko ira. 25a, 08:00

Araiako zelaiak zelatatzen dituen XI. eta XIII. mende arteko eraikinari buruzko ahalik eta informazio osatuena izateko lanean ari dira Uharka taldea eta Asparreneko Udala; udan EHUko arkeologoak bertan izan dira.

Araiako Marutegiko gaztelua ezagutarazteko eta ondare kulturala izendatu dezatela bultzatzeko lan egiten ari da Uharka taldea. Orain arteko urratsik handiena uda honetan egin dute, lehen indusketa "formala" egin baitu bertan EHUko arkeologia taldeak, Jose Luis Solaunen gidaritzapean. 

Izenak dioen bezala, mendi eta haitz zorrotz baten gainean, leku oso berezian dago Marutegi izenarekin ezaguna den eraitsitako gaztelua.  Herrikoek inguru hori ederki ezagutzen badute ere, gazteluaren historiaren inguruan informazio zehatz gutxi dago. Toponimoa ere eztabaidagai izan da: "Marutegi izena dela eta, batzuk diote murruak aipatzen direla eta beste batzuk mairuen kontrako eraikin bat dela", esan du Uharka taldeko kide Asier Valverdek. "Horrekin zalantza izan dugu beti".

"Gure ondarea zer den ezagutaraztea da Uharka taldearen helburua"

1960. hamarkadan, eta baita lehenagotik ere, indusketak egin dira bertan, eta XI. eta XIII. mendeen artean sortutako eraikina dela uste dute. "Euskal Herrian sarri aurkitu daitekeen defentsarako dorre-gaztelu bat da, mendiak kontrolatu eta inguruak zelatatzen dituena". Gehiago ezagutzeko jakin-minak bultzatu zuen taldea Nafarroako gazteluen inguruan lan mardula egin duen Iñaki Sagredorekin hitz egitera. Elkarlanean egin dute lan azken hiru urteetan, eta Asparreneko Udalaren laguntza eta babesa ere izan dute Marutegi Eguna antolatzeko eta gazteluaren informazioa partekatzeko antolatu dituzten ekimen guztietan.

"Gure ondarea zer den ezagutaraztea da helburua. Historia motela da eta presa gabe gabiltza. Lehen aldia da indusketa katalogatua egin dela. Aurrez egin dira zenbait indusketa, baina metodologia eta arauak ez dira oraingoak bezala, ezta medioak ere". Aurten, berriz, eskaintza bat egin zien EHUko arkeologia taldeak, Jose Luis Solaunen zuzendaritzapean, interesgarria izan zitekeelako ingurua induskatzea. Lanak ekainean egin zituzten. "Ikusi dute potentzial handia dagoela Marutegin, eta oso pozik dago Solaun indusketaren emaitzarekin; txostena prestatzen ari dira aurkitutako materialarekin". Egun, ustezko arkeologia lekua bezala kalifikatuta dago eremu menditsu hori, baina eginiko azterketari esker, ondare arkeologikoa izendatzea lortuz gero, baliabide gehiago izango lituzkete ikerketa sakonagoak egiteko. 

"Potentzial handia dago Marutegin; oso pozik dago Solaun indusketarekin"

Dagoen informazio eskasari esker, dagoen hipotesia da gazteluak dorre handi bat izango zuela, eta goialdetik harresi bat gaztelua inguratzen. Behealdean beste harresi bat izango zuen, burdinolak, zalditegiak eta etxe txikitxoak babesteko. "San Miguel mendiarekin lotuta egon daitekeela uste dute, bertan badirelako terraza batzuk eta eremu lauak ere".

XI. eta XIII. mendeen artean eraiki zituzten harresiak eta dorrea, eta XVI. mendean hustu zuten eraikina. Zergatia oraindik argitu gabe dago, baina baliteke Gaztelako erresumaren garaipenarekin zerikusia izatea. "Zabalatekoa bezala da, mendia amaitu eta lautada hasten den tokian kokatzen da, oso tipikoa da, ikuspegi handia eta zabala duelako, kontrolerako egokia".

Marutegiko dorreak bi edo hiru almena izango zituen eta imajinatu ezin den garaiera

Oraingo indusketan goiko dorrea ikertu dute bakarrik, baina atzeman dute gazteluak hainbat bitxikeria gordetzen dituela. Batetik, garaiko gaztelu karratuen aldean, "d" forma duela. "Kurba forma hori lantzen hasi ziren, katapulta edo bota ahal zizkieten gauzak hobeto ekiditeko". Bestetik, gazteluaren kurba forma duen harresiak, dorrearen zatiak, bi metro eta hirurogeita hamar zentimetroko zabalera duela ikusi dute."Itzela da. Solaunek dio horrelako harresi lodirik ez dutela inoiz aurkitu". Marutegiko dorreak bi edo hiru almena izango zituela uste dute ikertzaileek, eta imajinatu ezin den garaiera, "hamasei metroren bueltan izan zitekeen, eta planta aldetik ere dezenteko dorrea da". 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide