Lautada Bono, eskualdeko merkataritza eta ostalaritza dinamizatzeko egitasmoa

Erredakzioa 2020ko ira. 9a, 10:00

Aldaia taberna eta jatetxea Larrean, Barrundia udalerrian. / tabernaaldaia.net

Lautada Bizirik eskualdeko merkataritza, ostalaritza eta gainerako zerbitzuetako elkarteak 2.250 euro bideratu ditu Lautada Bono egitasmoa martxan jartzeko. Erosketak prezio merkeagoan eskainiko dira eskualdeko 60 negoziotan.

"Erosketak dira, eta askoz gehiago"; hori da Lautada Bono kanpainaren helburua. Erosketak prezio merkeagoan eskainiko ditu eskualdeko 60 negoziotan: janari-dendak, tabernak, aholkularitzak, jatetxeak, diseinu-enpresak, fisioterapeutak... 2.250 euroko aurrekontutik abiatuz, 11.250 euro mobilizatzea espero du Arabako Lautadako Merkataritza eta Ostalaritza Elkarteak (Lautada Bizirik ACICSA).

Horretarako, 5 euroko oparia duten 450 bonu kaleratu dituzte, eta 20 euroren truke eskuratu ahal izango dira, Arabako Lautadako ekonomia dinamizatuko duten erosketak sustatzeko; hortaz, 25 eurotik gorako erosketak izan beharko dira.

Eskualdeko sei saltokitan erosi daitezke bonu horiek: Mendibil taberna (Agurain), Kuttuna kafetegia (Araia), Danaona Jatetxea (Agurain), Eroski City (Dulantzi), El Ventorro Jatetxea (Durruma) eta Aldaia Taberna Jatetxea (Larrea). Pertsona bakoitzak gehienez 4 bonu eskuratu ahal izango ditu, baina erosketa handietarako taldekatu daitezke.

Bonuak urriaren 31ra arte erabili ahal izango dira, eta egitasmoan izena eman duten establezimendu guztiek binilo identifikatzaile bat izango dute, jakiteko deskontu-bonuarekin zein establezimendutara jo daitekeen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago