Ingurumena txikitatik zaintzen

Mirian Biteri 2020ko mar. 20a, 11:45
Zuhaitz landatzeko elkartutako taldea.

Ostiral Berdeak egitasmoa martxan dute Dulantziko eskolan; ikasleen artean ekintza ezberdinen bidez jasangarritasun irizpideak txertatzea du helburu.

Amalurra "egoera larrian" dagoela eta egoerari aurre egiteko egitasmo interesgarria antolatu dute ikasturte honetan Dulantziko ikastetxean. Ostiral Berdeak izena jarri diote proiektuari. Horren arduradun Gladys Martinezek horren garrantzia azpimarratu du: "Azken hamarkadetan kontsumoan oinarritutako sistema globalizatuak egoera jasangaitz batera eraman du planeta. Komunikabideetan pil-pilean dagoen gaia da aldaketa klimatikoarena, Greta Thunberg gazteak lideratzen duena. Ikasleek hori guztia ikusten dute eta eskolatik, ikuspuntu eraikitzaile batetik, egoera aldatzeko gai direla zabaldu nahi dugu". Hala, ostiralero klima aldaketari aurre egiteko ekintza bat prestatzea erabaki dute.

Eskolako ikasketa-buruaren esanetan, Ostiral Berdeen proposamena "aukera bikaina" izan daiteke ikasleek, oinarrizko konpetentzia sozial eta zibikoak zein elkarbizitzarako konpetentziak garatzearekin batera, natur zientzia arloak planteatzen dituen helburu batzuk jorratzeko. Proiektuaren bidez, ikasle nahiz irakasleek aukera izango dute "benetako arazo egoera batean" murgiltzeko, "benetako eragina" izan ditzaketen ekintzak aurrera eramateko, Dulantziko inguruneak eskaintzen dituen baliabide sozialak uztartuz. 

Aurreikusitako ekintzak ostiralean egitekoak badira ere, aurretik eta ondoren ere badaude hainbat atal talde bakoitzarekin jorratu beharrekoak. Ekimen bakoitza egin aurretik eskolako zuzendaritzako kideen bisita jasotzen dute gelakideek, ekimena azaltzeko. Jarraian, ikasleekin batera, jarduera aurrera eramateko ideiak jaso eta lan sekuentzia ezartzen da, eta ekintza gauzatzeko materialak sortu.

Ekimena egin ostean, berriz, eskolako sarrera batean jarritako Eko-Gunea izeneko txokoan argitaratu beharreko dokumentazioa egingo dute, besteak beste. 

Urtarrilatik ekainera 

Aurreikusitako ekimenak askotarikoak dira. Pasa den urtarrilaren 17an egin zuten Lehen Hezkuntzako 4. mailakoek egitasmoak proposatutako lehen jarduera. Hain zuzen ere, patio orduko zaborraren inguruko hausnarketa egin zuten eta proposamen jasangarriak zabaldu: "Eskolara egunero ekartzen dituzten hamaiketakoak direla-eta, horiek sortzen dituzten zabor motak ikusi eta aztertu zuten. Proposamenak ere irten ziren hortik; esaterako, tuperrak eta erabiltzea", adierazi du Martinezek. Zuhaitzak ere landatu dituzte dagoeneko. Urtarrilaren 24an, Lehen Hezkuntzako lehen mailakoen txanda izan bazen, otsailaren 28an, berriz, Haur Hezkuntzako bost urtekoak neska mutikoak joan ziren; 100 zuhaitzetik gora landatu zituzten ikasleek, irakasle, guraso talde zein Dulantziko alkatearen laguntzarekin. 

Bestetik, oihalezko poltsak egiteko asmoa dute eta urtarrilaren 31n horretarako logoa aukeratzeko lehiaketa antolatu zuten urtarrilaren 31n. Eko-Gunea txokoan daude ikusgai aurkeztutako lan guztiak.

Kontzientziazio kanpainak

Horrez gain, eskolako inguruneko patioa, aparkalekua edo skate parkea auzolanean garbitu eta horren inguruan hausnartu dute. Eta otsailaren 14an, bestalde, gelaz gela joan ziren Lehen Hezkuntzako 3. Mailakoak eskolara oinez edo bizikletaz joan daitezela animatzeko. Ez da hori aurreikusita duten kontzientziazio kanpaina bakarra. Asteon bertan, adibidez, energia aurrezteko kanpaina martxan jarriko dute; hau da, argia eta gailu elektronikoak itzaltzearen garrantziaz zabaltzea.

Eskolako komunitateaz gain, Dulantziko herritarrak ere inplikatu nahi izan dituzte proiektu honetan.

Koronabirusa heldu aurretik, honako ekimenak egin nahi zituzten: martxoaren 27an, etxez etxe joatea dira ikasleak birziklapenari buruzko inkestak egiten. Apirilaren 3an, herriko komertzioetara hurbildu eta erosketak egiterako orduan, ohiturak aldatzearen beharraz ohartarazi erosleei; hain zuzen ere, poltsa berrerabilgarriak erabiltzearen garrantzia gogorarazi.

Erosketen gaiari jarraituz, maiatzaren 8an, herriko agureen egoitzara bisitan joateko asmoa zuten eta antzinako erosketen ohituren gainean galdetu nahi zieten bertako egoiliarrei. Garbigunea bisitatzea ere bazuten buruan, eta han ikasitakoarekin sentsibilizazio kanpaina bat egitea. Ikusteko dago orain zer aurreikusitako jardueren artean zeintzuk egin daitezkeen.

Martinez eskertuta dago Dulantziko Udalak zein bestelako erakunde eta eragileek proiektuari egin dioten harrerarekin eta emandako babesarekin: "Laguntza jasotzen ari gara. Oso harrera ona izan du eta oso eskertuta gaude: Udalak berak antolatutako zuhaitz landatzeetara gonbidatu gaitu; oihalezko poltsa batzuk ordaindu dizkigute, ikasleek sortutako logo bat eramango dutenak, eta bestelakoak. Guraso elkartearen laguntza ere badugu, ekimen guztiak beraien sareetan zabaltzen dituztelako"

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide