Barrundiako udalerriak 1.000 bizilagun inguru ditu, eta horietatik 98 dira 2 eta 12 urte bitarteko neska-mutikoak. Gaur egun, udalerria osatzen duten 13 herrietatik Agurain edo Dulantzira joaten dira 3 urtetik gorako haurrak egunero ikastera; txikiagoek Haurreskola dute Ozetan. Egoera horrekin aspertuta, Etxeako Barrundiako gurasoen elkartea Ozetan eskola txikia bezalako proiektu bat martxan jartzeko bideragarritasuna aztertzen dabil.
Elkarteak hilabeteak daramatza egitasmo horrekin. Lehenik eta behin, inguruko gurasoekin jarri zen kontaktuan helburua zein den azaltzeko. Horrekin lotuta, zera azaldu du guraso elkarteko Mikel Arizti Lopez de Aberasturik: "Aspalditik gabiltza entzuten Barrundian eskola publiko bat zabalduko zela, baina mugimendurik ez zenez ikusten, Etxeakotik eskola txikiaren proiektuaren agintea hartzea erabaki genuen".
Ozetako udaletxe zaharrean
Gaineratu du hezkuntza arloko errealitateari buruzko diagnostikoa egiten hasi zirenean konturatu zirela ume kopurua uste zena baino "askoz handiagoa" zela, eta hortaz, esandako egitasmoa martxan jartzeko "beharra" zegoela.Azpimarratu du proiektua garatu ahal izateko toki publiko bat ere badagoela udalerrian: hain justu ere, berrituta dagoen Ozetako udaletxe zaharra.
Aixona Saez de Okarizek, bere aldetik, bertako haurrek bere udalerrian ikasi ahal izateko aukera aldarrikatu du: "Oso garrantzitsua da euren artean lotura bat izatea, herri txikietako gertutasuna bultzatze aldera, eta eskola txikiak hori ematen du. Horrez gain, Ozetari bizia ere emango lioke. Despopulazioaren kontrako erreminta ere bada".
Dagoeneko Gipuzkoako hainbat eskola txiki ezagutu dituzte, bertara joanda baina baita proiektu horietako ordezkarien bisita jasota ere. Argi dute zer nahi duten: "Adeitasunezko eskola bat nahi dugu, umeak errespetatzen dituena, eskola txikien abantailekin: adin tarte ezberdinetako umeekin nahastutako gelak, eta naturari eta gurasoen parte-hartze zuzenari garrantzia emanda, beste askoren artean".
Pixkanaka doa prozesua. Hurrengo erronka proiektua amaitzea izango da, eta Barrundiako Udalari aurkeztea.