Barrundiak eskola txikiko ateak zabalduko ditu irailean

Erredakzioa 2020ko urt. 20a, 13:44
Barrundiakoak Angiozarren, bertako eskola txikia ezagutzen. / Argazkia: eskolatxikiak.eus

Haur eta Lehen Hezkuntzako bi gela izango ditu eta jantokia zein garraioa eskainiko du. Barrundiako Udalak 74.000 euro baino gehiagoko inbertsioa egingo du Ekinbide eraikina egokitzeko.

Urteetako lanaren ostean, Barrundiak eskola txikiko ateak zabalduko ditu 2020/2021 ikasturtean, eta Lautadako udalerri honetako umeek bertan ikasteko aukera izango dute.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ordezkariek konfirmatu diote Barrundiako Udalari; hortaz, urtarrilaren 27an irekitzear den matrikulazio epean aukera gisa agertuko da Barrundiako eskola txikia.

Ekinbide izeneko eraikinean egongo da eta bera egokitzeko 74.600 euro inbertituko ditu Barrundiako Udalak. Abenduan onartutako aurrekontuan diru partida gorde zuen horretarako. Gainera, Eusko Jaurlaritzari diru laguntza eskatu diote inbertsioari aurre egiteko.

"Herri biziak nahi baditugu, gure geroa zaindu behar dugu", azaldu du Igor Medina Isasa alkateak. "Umeak hemen hazteko aukera izan behar dugu, eta horregatik funtsezko proiektua zen herri eskola bat zabaltzea Barrundian", gehitu du.

Eskola txikiaren proiektua

Barrundiak 880 bizilagun inguru ditu; horietatik 2 eta 12 urte bitarteko 85 ume daude. Gaur egun, udalerria osatzen duten 13 herrietako hiru urtetik gorako haurrak beste udalerrietara joan behar dira egunero ikastera. Hiru urtetik beherakoek, ordea, Haur Eskola dute Ozetan.

Bertako gurasoek Etxeako elkartea sortu eta Ozetan eskola txiki bat zabaltzeko lanean izan dira azken urteetan. Lan horrek bilatutako emaitza lortu du.

Beste eskoletan bezala, eskolatik bi kilometrotik gorako distantziara bizi direnek eskola garraioa erabiltzeko aukera izango dute. Bertako jantokia guraso elkartearen esku geldituko da. "Zabalik dugun ekonomatoarekin batera elkarlanean aritu beharko dira, bertako produktuak sartzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko", azaldu du alkateak.

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide