Lautadako nekazarien 'altxor' berria

Mirian Biteri 2019ko urt. 14a, 09:29

Donemiliagako pabiloi batean lekaleak garbitzeko eta ontziratzeko makineria berria erabiltzen hasi dira eskualdeko lau laborari.

Arabako Lautadak elikagaiak eraldatzeko zentroa izateko ahaleginean lehen pausua eman du: hain justu ere, lekaleak garbitzeko eta ontziratzeko zerbitzua inauguratu zuen urtea amaitu baino lehen, Donemiliagako Okiturri industriagunean. Oraingoz, eskualdeko lau ekoizle hasi dira makineria berria erabiltzen, baina asmoa da denborarekin inguruko zein Euskal Herriko beste hainbat txokotatik iritsitako abeltzainak eta nekazariak gehitzen joatea.

Urteak daramatza Landa Garapenerako Lautada elkarteak (ADRA) bertako produktuei "balio gehigarri bat" emateko proiektu zabala aurrera atera nahian. Bertako presidente Gustavo Fernandez Villatek gogoratu du orain dela bi urteko foru aurrekontuetan partida bat sartu zutela Lautadan elikagaiak eraldatzeko zentro bat sortzeko.

Prozesu parte-hartzailea jarri zuten orduan, nekazari eta abeltzainen beharrak zuzenean ezagutzeko. "Prozesu horretatik hiru lerro atera ziren: alde batetik, oilo eta untxien sakrifizio esparrua martxan jartzeko beharra ikusi zen; bestetik, fruta eta barazki kontserbak egin ahal izateko makineria; eta hirugarrenik, produktu ezberdinak garbitzeko eta etiketatzeko zerbitzua zegoen; tartean, lekaleak garbitzekoa", azaldu du Fernandez Villatek.

Bideragarritasun plana

Horren ondotik, bideragarritasun plana etorri zen. Azterketa horren bidez, Diputazioko partidak aurreikusten zuen diru kopuruari begira, hiru eskarien artean bideragarriena zein izan zitekeen ondorioztatu zuen elkarteak: hirugarren aukeraren alde egin zuen. Parte-hartze prozesuan interesa agertu zuten nekazariekin jarri zen jarraian kontaktuan, merkatuan zeuden makina ezberdinak aztertu eta aukeratu ostean, Donemiliagako Udalak utzitako pabiloi batean jarri du martxan; instalazioa prestatzeak eta makineria erosteak 67.000 bat euroko gastua izan du.

Landa garapenerako elkarteko presidenteak nabarmendu du gaur egun Heredia, Adana, Ixona eta Arrietako lau ekoizle dabiltzala lanean, baldintza guztiekin: "Makina %100ean dabil eta bakoitza hasi da lan egiten. Baina, probak ere egiten gabiltza: kontsumo elektrikoa, orduro garbitzen duen kilo kopurua... . Asmoa da makinari etekin handiagoa ateratzea, eta hortaz, ekoizle gehiagok erabil dezatela". Horrekin batera, iragarri du landa garapen elkartearekin batera, horren gaineko elkarte berria sortzeko asmoa ere badutela lau laborariek, "seriotasunez" lan egiteko baldintzak jarriko dituena.

Lau ordu 300 kilo garbitzeko

Nekazari horien artean, Adanako Joseba Martinez de Mendijur dago. Pozik agertu da makineria berriarekin, "azkar eta ondo" egiten duelako lan. "Orain arte eskuz egin dugun lana asko errazten du; babarrunen urteko ekoizpena gurean 3.000 eta 4.000 kilo artekoa da, eta eskuz garbitzea nekeza da. Makina berria lau ordutan 300 kilo garbitzeko gai da. Etxean, lan berdina egiteko, lauzpabost egun beharko genituzke", azaldu du.

Babarrunez gain, beste produktu batzuk ere ekoizten dituzte etxean, eta zerbitzu berriari esker, horiei arreta gehiago eskaini ahal izango diela gaineratu du: "Babarrun gorriaz gain, txitxirioak eta patatak ere baditugu, eta baita ortua ere, eta ez dugu denbora soberan izaten. Hortaz, bikain datorkigu".

Ekoizle guztiak babak garbitzen hasi dira, baina txitxirioak eta dilistak bezalako lekaleekin ere egiten du lan, eta baita bestelako produktuekin ere. Horren harira, Fernandez Villatek aipatu du arto ekologikoa eta zerealak dituzten ekoizle bana probatzeko prest agertu direla. "Probak egiten gabiltza, uste dugu artoarekin ez dugula arazorik izango eta denbora gutxian hasi ahal izango dela erabiltzen; zerealarena ezberdina da, galbahe ezberdinak behar dituelako. Fase honetan lekaleekin egingo dugu lan, eta probek ematen dituzten emaitzen arabera joango gara gainerakoetara zabaltzen", azpimarratu du.

Bilera Jaurlaritzarekin

Proiektuak aurreikusten dituen beste aukeren gainean galdetuta, Fernandez Villantek aipatu du hegaztiak eta untxiak sakrifikatzeko esparruarekin lotuta bilera dutela hitzartuta Jaurlaritzarekin: "Gaia nahiko aurreratuta dago; interesa duten hiru abeltzainek horren aldeko elkarte bat sortu dute, eta dagoeneko asmoaren berri eman dugu Arabako Batzar Nagusietan eta Legebiltzarrean, eta egunotan bilera izango dugu Jaurlaritzarekin". Sakrifizio esparru horietarako indarrean dagoen legea malguagoa izan dadin eskatuko dute bertan. Azken horren harira, azaldu du Itsasuko (Lapurdi) esperientzia gertutik ezagutzera joan direla eta "antzeko zerbait" eskatzeko asmoa dutela; alegia, horrenbeste baldintza ez eskatzea.

Aurrera egingo balu, proba pilotua jarriko lukete martxan: "Aukera ezberdinak aztertu ostean, Italiatik modulu bat ekartzea izango litzateke egokiena; kamioietako kontainer bateko tamaina duen leku batean egingo litzateke prozesu guztia. Aurrekontua, gainera, ez litzateke oso altua izango, 100.000 bat eurokoa". Elkartetik azpimarratu dute "beharra" dagoela, eskualdean bertan zein Euskal Herrian: "Gaur egun, ekoizle txikiek gertuen duten hiltegia Tafallan dago. Gure ametsa da etorkizunean elikagaiak eraldatzeko zentro zabalago baten enbrioia izatea Lautadakoa; ametsekin jarraituz, gariarentzako errota bat jartzea ere pasa zaigu burutik. Ikusi beharko dugu. Poliki goaz, pausu sendoak emateko asmoarekin", amaitu du Fernandez Villantek

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide