Euskaraldiak ez ditu lokartuta harrapatu Lautadan. Euskarari eguneroko solasaldietan bultzada emateko erronka aspaldi jarri zuten abian inguru hauetan, arrakasta handiarekin gainera. "2016an Agurainen 75 Ordu Euskaraz egin genuen, eta bizipen politak izan genituen; bertatik, hain zuzen, etorri da Euskaraldia martxan jartzeko talde eragilea", azaldu du Asier Lafuentek ALEA FM saioan.
Eta, oraingoan ere, ziztada garrantzitsua eman diete lagun, familia, lan edo eskolan izaten diren hizketaldiei, 1.550 lagunek eman baitute izena Lautadan ahobizi edo belarriprest modura.
Ariketa sozialean lehenengo rola aukeratu du Joseba Rubio irakasleak, eta fin betetzen ari da beharra, bikotearekin –belarriprest da bera– eta seme-alabekin. "Elkarrizketa sinpleak, baina, ohikoa ez den bezala, euskara hutsean egin dugu. Inertziak aldatzen ari garen sentsazioa izan dut", azaldu du Rubiok. Lanera ere txapa paparrean jantzita joan da egun hauetan, eta bidean "egun on" batekin agurtu ditu ezagunak, eta hala erantzun diote denek. "Ikastolara heldu naiz; lanera. Hemen ez dago estres linguistikorik. Hasieran lankideekin euskaraz eta gero ikasleekin euskaraz: ez dago besterik".
Rubioren modura, hamaika lagunek egin dute bat ekinaldiarekin, eta txoko ugaritan nabari daiteke hori. Izan ere, Lautadan, euskaraz egiten duenari euskaraz egiten diogu dio Agurainen egin berri duten horma-irudi batek, garai bateko azokako saltzaile baten ahotan, eta hala erantzuten ari dira. "Bi biztanletik batek euskaraz ulertzen du, baina gure helburua da erabilera hori igotzea, eta horretarako oso inportantea da gure ohitura linguistikoak aldatzea; Euskaraldia horretan lagungarri izaten ari da", nabarmendu du Lafuentek.
Euskararen basoak
Azken hilabeteetan ekitaldi ugari izan dira Lautadako herri guztietan, eta lan horretan eragiten jarraitzeko asmoz bi ekitaldi nagusi antolatu dituzte Euskaraldiari amaiera eman eta abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Egunaren bueltan.
Hala, igandean, abenduaren 2an, Lautadako hiru herritan –Dulantzin, Agurainen eta Araian–"Euskararen basoak" irudikatuko dituzte. Belarriprest eta ahobiziek zuhaitz bat landatzeko aukera izango dute, 12:00etan antolatutako jardueran. "Zure hizkuntza ohitura berriak luzaro irauteko" dio plazaratu duten afixak, eta horretarako ahalegina egingo du Lautadako Euskararen Komunitateak.
Astelehenean, berriz, Euskararen Egunean, entitate sustatzaileak elkartuko dituzte Agurainen; ahobizi eta belarriprest metodologia sustatu duten lagunak elkartuko ditu Euskararen Komunitateak. "Borondate hori publiko egin nahi dugu, eta eskerrak eman egin duten lanagatik", azaldu du Lafuentek. Guztira, 172 entitate sustatzailek bat egin dute Lautadan pauso erraldoi hau eman ahal izateko.