AHTa egin ordez egungo trenbidea modernizatzeko eskatu dute Agurainen

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2018ko eka. 24a, 18:43

Aguraingo kaleak zeharkatu ditu manifestazioak. ALEA

AHTrik Ez plataformak egungo trenbidea "modernizatzea" proposatu du, edozein tren mota hartzeko gai izango den hirugarren haria gehituta.

Aguraingo kaleak bete zituen larunbatean AHTrik Ez plataformak deitutako manifestazioak. Espainiako Gobernuak Iruñea eta Gasteiz AHT bidez lotzeko proiektua bertan behera uzteko eskatu dute manifestariek. Arabako lautada zeharkatuko duen trenbide berri bat eraikitzea aurreikusten du proiektuak, eta salatu dute "suntsitzailea" dela egitasmo hori.

Plataformaren esanetan, proiektu horrek badu "alternatiba erreal bat, askoz ere ekonomikoagoa eta ingurumenarekiko kaltea txikiagotzen duena". Aukera hori egun Arabako lautada zeharkatzen duen trenbidea "modernizatzea" dela azpimarratu dute. Plataformaren esanetan, edozein tren motaren erabilera berma daiteke egungo trenbidean, "hirugarren haria" gehitzen bazaio, trenbidearen zabalera egokitzeko nazioarteko neurrietara. AHTrik Ez-ek gaineratu du "herritarren mugikortasun beharrak" ere bete daitezkeela kalitatezko "tren sozial publiko baten bidez zerbitzua eskainiz".

Plataforma pozik agertu da mobilizaziorako deialdiak larunbatean izan zuen erantzunarekin. Nabarmendu duenez, Madrilek aurkeztu duen proiektuaren kontrako jarrera "erabatekoa" da Arabako lautadan, eta bestelako irtenbide baten beharra defendatzen dute hainbat alderditako ordezkariek. Gaurko manifestazioan parte hartu dute Donemiliagako alkate David Lopez de Arbinak (EH Bildu), Asparreneko alkate Txelo Auzmendik (EH Bildu), Aguraingo alkate Iñaki Berazak (EAJ) eta Dulantziko alkate Joseba Garitagoitiak (DTI).

Hala, AHTrik EZ-ek Arabako Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari dei egin die "lautadako herritarren beharrei kasu egin eta abiadura handiko trenaren proiektuen aurrean defenda" ditzala.

Plataformak gogoan izan ditu AHT proiektuen "mehatxupean" diren Arabako gainontzeko eskualdeak ere. Hau da, Mirandatik Gasteizera bitartean dauden Arabako eskualdeak eta Arabako Errioxa. Eskualdeen arteko elkarlana bultzatzea proposatu dute, "abiadura handiko trenbide guztien aurka indarrak batzeko".

Orain arte Arabako lautadan izandako erantzunaren indarra nabarmendu du plataformak. Jakinarazi duenez, proiektuaren kontrako 7.000 alegazio bildu dituzte hogei egunean, eta lautadako udalerri guztietan onartu dira proiektuaren kontrako adierazpen instituzionalak.

Gaurko mobilizazioak proiektua "behin betiko geldiarazteko borrokan beharrezko izango duten indarra" emango diela ziurtatu dute. Uztailaren 28 eta 29an bizikleta martxa antolatuko dute Miranda (Burgos, Espainia) eta Altsasu (Nafarroa) artean.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago