AHTaren aurkako manifestazioa egingo dute bihar Agurainen

Erredakzioa 2018ko eka. 22a, 12:36

AHTrik ez Lautada plataformak Gasteizen eginiko manifestazioa. ALEA

12:30ean abiatuko da martxa Euskal Herria plazatik.

Manifestazioa deitu du larunbat honetarako, AHTrik Ez Lautada plataformak. Plataformaren arabera, proiektuaren lanen ondorioz, hainbat herri isolatuta geldituko lirateke autobidea eta trenaren artean. Kalte ekonomikoak eta ingurumenari eragindakoak azpimarratu dituzte plataformako kideek aste honetan bertan egin duten agerraldi batean. "Herri batzuetatik oso gertu pasatu nahi dute, Ibargurenetik, esaterako, 10 metrora, eta herriak isolatuko lituzkete" esan du Iñigo Leza plataformako kideak.

Urtarrilean jakin izan zuten AHTren lotura Iruñearekin Agurain eta Sakana zeharkatuz egiteko asmoa zegoela Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik. Ordutik hainbat ekintza egin dituzte, besteak beste, alegazio kanpaina egin zuten, eta 7.000 sinadura bildu zituzten proiektuaren kontra.

Iñigo Leza plataformako kideak, alternatibak badaudela argi utzi eta lanean jarraituko dutela baieztatu du. "Egungo trenbidea berritzearen alde gaude, lehen askoz tren gehiago zegoen eta murriztu zituzten, berreskuratu behar dira tren horiek". Gaineratu dutenez, askoz merkeagoa litzateke dagoen trenbide sarea berritzea, eta ingurumen kalte larriak ekidingo lirateke.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago