Lautadako AHTaren aurkako aldakarripenek zeharkatu dute Gasteiz

Erredakzioa 2018ko ots. 27a, 12:32

AHTrik ez Lautada plataformak Gasteiz eta Iruñea lotzeko Lautadan eraiki nahi duten trenbidearen aurkako 7.000 alegazio eraman ditu Gasteizera.

Otsailean sortu zen AHTrik ez Lautada plataforma herritarrak Gasteizko kaleak zeharkatu ditu gaur, Gasteiz eta Iruñea lotzeko Lautadan eraiki nahi duten trenbidearen aurka. Hogei egunetan, proiektuaren aurkako 7.000 alegazio bildu dituzte, eta horiek eraman dituzte, gaur, Espainiako Gobernu Ordezkaritzara. Ondoren, manifestazioan joan dira Aldundiara, Ramiro Gonzalez Diputatu Nagusiarekin elkartzeko asmoz. Baina ez dute lortu harekin biltzea. Hala, Lautadako herritarrak defendatu eta publikoki proiektu honen aurka agertzeko eskatu diote Gonzalezi, "Arabako Errioxan egin duen moduan". Era berean, Eusko Jaurlaritzari ere eskatu diote egitasmoa gelditzeko.

Lautadatik etorritako ehunka lagun izan dira mobilizazioan, eta dozenaka traktorerekin, Buesa Arenatik abiatu dira erdigunera. Plataformako kideek uste dute azpiegitura berri horrek lurraldeari eta bertan bizi direnei eragindako kaltea "oso larria" izango litzatekeela. Horrez gain, 704 milioi euroko aurrekontua duen proiektu honek "Arabako ekonomia hipotekatu" lezakeela gaineratu dute.

Hala ere, plataformak argi utzi du ez dagoela trenaren aurka, proiektu honen aurka baizik, eta "tren sozialaren" aldekoak direla gaineratu dute.

 

 

 

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago