Aguraindik gertu dagoen Pedroko hezegunea berritzeko egin diren lanen inguruko informazioa zabaldu du URA agentziak. Hogei zuhaitz eta zuhaixka espezie landatu dituzte hezegunean, 4.430 ale orotara. Besteak beste, haltzak, lizarrak, astigarrak, basaerramuak, zuhandorrak, hurritzak eta haritzak erein dituzte.
Ingurune horretan urak berez metatzeko joera du, baina iraganean hezegunea drainatu egin zuten, bertako lurrak nekazaritzan erabili ahal izateko. 2007an Aguraingo Udalak lur eremua erosi zuen hegaztiak erakartzeko, uholdeen arriskua ekiditeko -Egileor eta Santa Barbara ibaiak inguruan daude- eta jendearentzako behatoki bat ezartzeko.
Iaz Auzolandegietako gazteek bertan lanean izan ziren, besteak beste, behatoki modura erabiltzen den etxola berritzen, hesiak txukuntzen eta zuhaitzak landatzen. Gazte hauen lana ere erabakigarria izan da hezegunea txukuntzeko.