Lan asko eta familia giroa. Horiek dira Aguraingo auzolandegian parte hartzen dutenek gehien errepikatzen dituzten hitzak. Ez dirudi esateagatik esaten den formulismo horietako bat denik. Hara bertaratu eta berehala igartzen da giro ona. Hamaiketakoa hartzen ari dira, baina sandwich bat gorde dute. "Prentsarako janaria", diote, irribarretsu.
Hamabost bat gazte dira, eta aurrean daukaten erronka ez da makala. Aguraingo Pedroko hezegunea berreskuratu nahi dute, bisitariek eremu hori disfruta dezaten, eta animaliek zein landareek bizitzeko gune aproposa izan dezaten.
Auzolandegian aholkularitza lanak egiten ditu Vicky Ayanz biologoak. Naturan egin beharreko lanak zuzentzeaz gain, gazteei azaltzen die egiten duten lan bakoitzaren zergatia. "Gazte hauek oso langileak dira. Zuhaitz asko landatu dituzte, eta lan paregabea egiten ari dira. Aurtengo gure helburua 250 zuhaitz landatzea da, eta lehen hiru egunetan 150 erein dituzte jada".
Zumeak, haritzak eta lizarrak dira aukeratu dituzten espezieak, eremuaren ezaugarri ekologikoei ondo egokitzeko. "Hemen, batez ere, hariztegi azidofiloa dago, eta baita ibaiertzeko basoa ere", zehaztu du Ayanzek.
Jatorrian bertan hezegune bat zegoen, baina soroak sortzeko lehortu zuten. 2007an Aguraingo Udalak lurrak erosi zituen, antzinako hezegune horri bizia bueltatzeko. Zadorra ibaira doazen bi erreka elkartzen dira gertu, eta, horri esker, ura iturri batetik ateratzen da, hezegunea sortuz. Lehenengo eremua berreskuratzeak, ordea, denbora emango duela ohartarazi du adituak. "Gazte hauen ahaleginarekin belardia berreskuratzen laguntzen ari bagara ere, orain naturak bere bidea jarraitu behar du, eta horrek denbora beharko du. Ihiak eta lezkak garatzen hasiak dira, eta, pixkanaka, eremuaren inguruan eraikitzen ari garen hesi begetalak lagunduko du hezegunea babesten. Horrek hegaztien eta bestelako animalien etorrera ahalbidetuko du".
Behatokia txukuntzen
Aurtengoa ez da hemen egiten den lehen auzolandegia, eta, horri esker, iaz erein zituzten landareak pixkanaka garatzen ari dira. Baina gauza asko konpondu behar dira oraindik. Adibidez, animaliak behatzeko muinoaren gainean dagoen etxola.
"Behatokia oso egoera kaskarrean dago orain, eta, horregatik, txukuntzen ari gara. Zurezko hormak lixatzen ari gara, eta, ondoren, berniz geruza bat jarriko dugu", azaldu du auzolandegiko zuzendari Ieltxu Simonek. Bertako teilatua ere konpontzen ari dira, eta barruko espazioa ere garbitzen ari dira. "Kontzientziazio falta dela eta, etxola oso hondatuta zegoen, baina, pixkanaka, bere onera doa", nabarmendu du.
Pozik dago Simon etorritako gazteekin. Horietatik, erdia edo Espainiatik etorriak dira. Valentzia, Galizia, Guadalajara, Salamanca, Murtzia eta Madriletik. Euskal Herriko gazteak ere badira, tartean, Arrasate, Gasteiz, Santurtzi edo Bilbotik etorritakoak. Hilaren 17an ongietorria eman zieten Aguraingo udaletxean. "Alkateak herria aurkeztu zigun, eta ingurune natural honen inguruko xehetasunak ere eman zizkigun", azaldu du Simonek.
Irakurri erreportaje osoa ALEA aldizkariaren 115. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.