AHTaren aurkako plataforma sortu dute Lautadan

Erredakzioa 2018ko ots. 12a, 18:49

Informazio-bilerak deitu dituzte astearte eta ostegunerako.

Aurreko astean, AHTaren kontrako sinadurak biltzen hasi ziren Lautadan, zehazki, Gasteiz eta Iruñea lotzeko Lautadan eraiki nahi duten trenbidearen aurkakoak. Ostegunean, berriz, AHTrik Ez! Lautada plataforma abiatu zuten, Asparrenean ehun pertsonen aurrean egindako batzarrean. Bertan, Kantauri-Mediterraneo itsasoen arteko trenbide korridorearen proiektuari buruzko ikerketa informatiboaren aurrean kezka adierazi zuten Lautadako bizilagunak, "eskualdera ekarriko dituen ondorio tamalgarriak" direla eta. Plataformak aurkeztu duen manifestuan azaldu dutenez, proiektuaren aurka daude "inposizio bat delako eta eragingo duen ingurumen inpaktua atzeraezina izango delako".

"Manifestu bat osatu dugu eta eragile politiko, sozial, ekonomiko eta sindikalekin kontaktuan jarriko gara manifestuari atxikimendua eman eta proiektuaren aurkako jarrera har dezaten", adierazi du Plataformako kide Iñigo Hernandezek.

Datozen egunetarako, bi bilera deitu dituzte; astearte eta ostegunean, arratsaldeko 19:00etan, Dulantzi eta Agurainen, hurrenez hurren

 
 
 


 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago