AHT-aren aurkako sinadura bilketa abiatu dute Lautadan

Erredakzioa 2018ko ots. 5a, 12:00

Sustapen ministerioak Euskal Y-a eta Nafarroako korridorea lotzeko aurkeztutako bi proposamenen (Gasteiz edo Ezkio) aurka agertu dira Lautadako bizilagunak.

Lautadako bizilagunek AHT-aren aurkako sinadurak bildu dituzte asteburuan; larunbatean, Ilarduia, Egino eta Andoingo inauterietan, eta igandean, Dulantziko San Blas jaietan. Izan ere, urtarrilean Iñigo de La Serna Sustapen ministroak iragarri zuen Gasteiz bitartez lotuko dutela Euskal Y-a eta Nafarroako korridorea, eta bi aukera utzi zituen mahai gainean; Iruñea-Gasteiz eta Iruñea-Ezkio. Agintariek Gasteizko aukera lehenetsi badute ere, ez dute  Ezkiokoa guztiz baztertu. Besteak beste, Aralar mendilerroa zeharkatu beharko litzateke Ezkiotik eginez gero.

Lautadako bizilagunen ustetan, "aurkeztu dituzten bi proposamen hauek inguruan bizi diren pertsonentzat eragin gogorra izango dute", bereziki, Andoin, Ibarguren, Urabain, Donemiliaga, Bikuña, Munain, Langarika, Gazeo, Txintxetru eta Ezkerekotxa herrietan, "abiadura handiko trenbideak herri hauetako etxeetatik oso gertu eraikiko baitira".

Era berean, inpaktu akustikoa "oso garrantzitsua" izango dela ohartarazi dute, "ingurumen-txostenak adierazi bezala".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide