Orain bi aste eman zuten Burgos-Gasteiz arteko proiektuaren berri, eta gaur iragarri dute nondik lotuko dituzten Euskal Y-a eta Nafarroako bidea. Bost proposamen jarri zituen mahai gainean Eusko Jaurlaritzak, Sener ingeniaritza etxeak egindako ikerketa batean oinarrituta, eta Gasteizko bidea lehenetsi dute, Iñigo de la Serna, Espainiako Sustapen ministroaren hitzetan: "Ezkio eta Gasteizko alternatibak dira onartu ditugunak, beste guztiak egin ezinezkoak zirelako, ekonomikoki edota orografikoki. Bi horien artean, Ezkioko alternatibak zalantza ugari pizten ditu kostuaren inguruan, azpiegitura itzela eskatzen baitu (21 kilometroko tunela)". Gasteizkoa, aldiz, "alternatiba ekonomikoagoa da, ez duelako mendilerrorik zeharkatzen, eta 5 kilometroko tunela besterik ez du". 600 milioi euro pasatxoko kostua du.
Euskal Herrian da gaur De la Serna. Goizean Iruñean egin du agerraldia, Nafarroaren eta Euskal Y-aren arteko lotunea nondik joango den azaltzeko; arratsaldean Gasteizen izango da, eta hizpide izango du Gasteiz eta Burgos arteko lotura ere. Ez da AHTaren Arabako proiektu bakarra: Logroño-Miranda Ebro arteko bidea Arabako lurretatik igarotzekoa da, Arabako Errioxatik, eta kezka sortu da mahastietatik pasatuko delako. Erakunde batzuk ere aurka agertuak dira jada, kaltea ekarriko duela argudiatuta.
Nafarroaren eta Euskal Y-aren arteko loturari dagokionez, uztailean bilera bat egin zuten Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Orduan adostu zuten "aukera bideragarrienak" ikertzea: Iruñea-Gasteiz eta Iruñea-Ezkio. "Ikuspegi teknikoa eta ingurumenarena" aipatu zituzten bideragarritasunarekin lotuta, eta baldintza gisa jarri zuten "Europako estandarrak" betetzea lotura horrek. "Plataforma berriak" aipatu zituzten, alegia, trenbide berriak. Eta bakoitzaren "abantailak eta eragozpenak" zein diren ikertzea.