Agurain eta Dulantziko araztegietako langileek azpiegitura horien egoera kaxkarra salatu dute. Era berean, aste osoko zainketa erretena inposatu dietelako kexu dira. Maiatzean izandako isurketa konpontzeko, "etengabeko zainketa zerbitzua" ezarri zietela ezagutarazi dute langileek, LAB sindikatuak helarazitako ohar baten arabera. Guardiako erreten horiek egiteko agindua "egun batetik bestera" eman zietela salatu dute. Talde horiek astelehenetik igandera eta 24 orduz guardian egotea suposatzen dute, "eguneko 8,66 euro gordin" ordainduta.
Erretenak, ordutegiak eta baldintza ekonomikoak negoziatzerik ez dutela izan esan dute langileek. Alabaina, zainketa zerbitzu horren balioa kolokan jarri dute. "Erreten honek ez du zerbitzu ona bermatzen, araztegi gehienek ez baitituzte alarma sistemak instalatuta". Instalazio gehienek "segurtasun neurri prekarioak" dituztela diote. Argi eta ur falta aipatu dute langileek. "Erreten zerbitzu bat ezohiko arazoetan aritzeko izan beharko litzateke, eta ez araztegiko makinen funtzionamendu txarra estaltzeko", langileen arabera.