Beste isurketa bat izan da Aguraingo araztegitik Zadorrara

Erredakzioa 2017ko uzt. 20a, 11:31

Dagoeneko, Uraren Agentziak hiru zigor espediente zabaldu ditu Aguraingo Udalaren kontra, Zadorra ibaian jazotako isurketa kutsakorrengatik.

Atzo Aguraingo araztegitik Zadorra ibaira izan zen beste isurketa bat ikertzen ari da Uraren Agentziak. Zehazki, tratatu gabeko hondakin-urak isuri ziren beste behin Zadorrara. Urak azaldu duenez, ponpaketaren hutsegiteak tratatu gabeko isurketa sortu zuen, aurretik araztegira bideratzeko beharrezko urratsa igaro gabe. Instalazioaren titularrak ez zuen sarrerako ponpaketan gertatutako hutsegitea atzeman.

Urak jakinarazi duenez, isurketa atzeman eta gero 112a ohartarazi zuten; horrek segurtasun-protokoloa abian jartzea ahalbidetu zuen. Uraren ikuskaria bertaratu orduan, eta laginak hartu zituen.

Atzokoa ez da Aguraingo araztegitik Zadorra ibaiak jasaten duen lehen isurketa, izan ere, Urak hiru zigor espediente zabaldu ditu dagoeneko Aguraingo Udalaren kontra. 

Araztegiaren "egoera tamalgarria"

Isurketa honen ostean, EH Bilduk Aguraingo araztegiaren "egoera tamalgarria" salatu du. "2004n lehen akordioa sinatu zuten Aguraingo Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak araztegi berri bat eraikitzeko, baina behin eta berriz ez dute bete eta hamahiru urte pasa direnean, oraindik ez dira lanak hasi", gogoratu du EH Bilduko bozeramail Arabako Batzar Nagusietan Kike Fernandez de Pinedok.

EH Bilduk azaldu duenez, Aguraingo araztegiko motore nagusia ez dabil aspalditik eta azken hilabeteotan motore laguntzaileari esker funtzionatzen du. Horrez gain, langileek jakinarazi dutenez, akatsak eta istripuen berri emateko mantenu enpresarekin harremanetan jartzeko ez dago protokolorik. Hori dela eta, Agurainen maiztasun handiarekin ematen diren arazoak konpontzeko hainbat ordu behar dira.

 

 

 

Erlazionatuak

Isurketek aurrez aurre ipini dituzte Ura eta Beraza

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017 eka 21 Lautada   Agurain

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago