Aguraingo San Martin auzotik igarotzean, Santa Barbara ibaia zuri koloreaz agertu da berriro ere, sare sozialetan zabaldutako argazkien arabera.
Arabako Batzar Nagusietako prokuradore Itsaso Roldanek zabaldu ditu igandean eskuratu omen diren irudiak. "Berriz ere ibaia zuriz agertu da, beste behin ere, asteburuan", zehaztu du. "Denok aztoraturik, berriro ere isuna ordainduko dute eta hurrengora arte", kexu mintzo da prokuradorea.
Azken hilabeteotan isurketa ugari izan dira Santa Barbara eta Zadorra ibaietan, Agurainen parean. Maiatzaren hasieran izandako isurketak bereziki nabarmenak izan ziren, Aguraingo araztegian izandako matxura bat zela eta.
Esnekiak egiten dituen Aldanondo enpresari leporatu zioten isurketa hori, eta, horren harrira, espedientea ireki zioten enpresari.
Uraren Euskal Agentziaren eledun Eneko Albizurik ALEAri baieztatu dio URAko teknikariak gaur goizean hara bertaratu direla, baina, ordurako, isuria desagertua zegoela. "Halere, horrek ez du esan nahi isurketa egon ez denik. Atzo zabaldu ziren irudi horietan orban zuri bat ageri zelako".
Isurketa zuzenean ibaira izaten bada, agentziaren eskumena dela azaldu du URAko eledunak, baina, isuria saneamendu sarean izatekotan, Udalaren eskumena dela gogorarazi du. URA eta Aguraingo Udalaren arteko tirabirak izan dira ere, araztegiaren funtzionamenduaren eta isurien haritik
Afera argitu bitartean, 112 zenbakira hots egitearen beharra nabarmendu du Albizurik. "Sute bat egotekotan, dei hori berehala egiten da, baina ez horrenbeste halako isurketa bat izaten denean. Kasu hauetan premiazkoa da 112ra deitzea, ahalik eta lasterren erantzun bat eman ahal izateko".