Isurketen aurrean, Aguraingo Udalaren axolagabekeria kritikatu du URAk

Erredakzioa 2017ko eka. 14a, 14:46

Zadorrara isurketa Agurainen

URAk hiru zigor espediente zabaldu ditu Aguraingo Udalaren kontra, Zadorra ibaian jazotako isurketa kutsakorrengatik. Udalaren axolagabekeria salatu du.

Aguraingo araztegiaren kontrol eza leporatu dio URAk Udalari. Gainera, maiatzaren hasieran Zadorra ibaian jazotako isurketa kutsakorrari buruz beharrezko azkartasunarekin ez ohartaraztea leporatu dio: "Maiatzaren 5, 6 eta 7ko isurketa araztegiaren sarrerako ponpaketan gertatutako hutsegite bategatik eman zen. Instalazioaren titularrak ez zuen hutsegite hori atzeman gutxi gorabehera bi egun igaro arte, eta ez zitzaion administrazio hidraulikoari jakinarazi isurketa baimenean ezarritako azkartasunarekin"

Uraren Agentziak azaldu duenez, Udalak ez du kontrolatzen industriek kolektorera isurtzen dutena; ondorioz araztegiak jasotzen duena araztu dezakeena baina kutsadura karga askoz altuagoa dauka. Dagoeneko URAk bost eskaera bidali dizkio Aguraingo Udalari kolektorera isurtzen den guztia kontrolatu dezan. Gainera, Agurain inguruko enpresa bati zuzenean eskatu dio URAk isurketei buruzko udal-ordenantza betetzea, Aguraingo Udalak egin ez duelako. 

Uraren Agentziak "hamaika errekerimendu eta zehapen-espediente" ireki dizkio Udalari, Agurain inguruan emandako baimen gabeko isurketengatik, eta gainera hiru zigor-espediente zabaldu dizkio. Halaber URAk zigor espedientea ireki dio bertan kokatutako empresa bati, "euri-uren sarearen bitartez zuzenean ibaira heldutako baimendu gabeko isurketarengatik".

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago