Gauzak hasmentatik argi uzte aldera: bai, nik ere uste dut Haritz Mujikak ez zuela asmatu urriaren 2an Gasteizen, Bertsolari Txapelketa Nagusiko kanporaketan, Kaixo, entzule, hi Green kapital hasten den bertsoa kantatu zuelarik. Baina, orobat, uste dut afera hor akitzen dela, edo hor akitu behar zukeela. Bertsolari gazte batek une jakin batean ez du munduko bertso egokiena bota. Kito. Baina benetan uste badut kontuak ez zuela polemikarik piztea merezi, bistan da ez dakidala non nagoen ia. Mujikaren bertsoaren kontura, memento solemneetarako altxatzen diren solas potoloak aditu behar izan ditugu: mingarria, iraingarria ia, absurdoa eta erridikulua. Baina aintzat hartuta bai sare sozialetan bai prentsan jarriak garela Gasteizkoa baino aise astakeria handiagoak aditzera, inork inolako erantzunik eman gabe, Mujikak jaso duen zaparrada aski harrigarria izan da. Errate baterako, Zuriñe Rodriguezek, duela ez hainbertze ez bertsolari txapelketa batean inprobisaturiko bertso batean baizik eta aldez aitzinetik ongi pentsaturiko eta gure egunkari nazionalean argitaraturiko artikulu batean euskara bastarta bezalako kontzeptu xelebrea bulkatu zuen berberak, arrazismoa ekarri du solasera Mujikaren bertsoaren harira. Bai, jaun-andreak, arrazismoa.
Rodriguezen burutazioak eta hura bezalako bertze okurrentzia batzuek publiko eta kritikaren aldetik izan duten arrakasta ikusita, erranen nuke hiperbentilazio puntu bat izan dela bertsolariak jaso duen arrapostuetan. Eta, batez ere –berriz diot, baten batek pentsatuko du ez dakidala non nagoen ia– erranen nuke Euskal Herrian txaloak jasotzeko edo putzura joateko bi gauza direla inportante: lagunak izatea eta unean uneko joerekin bat egitea.
(...)
Albiste hau ZUZEUk argitaratu du eta, Creative Commons by-sa lizentziari esker, zati bat ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu osorik ikusgai.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eushelbide elektronikora.