Pasa den urriaren 2an, Gasteizen jokatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehenengo faseko kanporaketan, Haritz Mujika Lasak bertso hau kantatu zuen, bertan bildu ginen ehunka bertsozaleen aurrean:
Kaixo, entzule, hi Green kapital
ta Europako sinfonia
Gasteiza ekarri nautela baina
ez dakit non nagoen ia
hemen dena da Mercedes Vito
ta Alaves Baskonia
kanpokoaren gorazarrea
ta euskararen afonia
baino gurera erakustea
gatoz gaur zazpi momia
ea noraino hedatzen degun
bertsoaren sintonia
Mingarria da bertsoa Gasteizko euskaldunentzat, oso, ia iraingarria, Euskal Herriko gainerako euskaldunentzat, era berean, absurdo eta erridikulua beharko lukeen bezala. Zoritxarrez, ez da kontu berria edo bat-batekotasunaren emaitza, diskurtso zahar eta antigoaleko baten segida nekagarri bat baizik. "Ez dakit non nagoen ia". Zergatik esan hori, egia ez denean? Zer adierazi nahi da? Urrun dagoela/gaudela? Nondik, baina? Baliteke lehenengo aldiz izatea bertsolaria Gasteizera hurbildu eta, ezagutzen ez duenez, ez jakitea non dagoen. Edonola ere, bertakoekiko begirune eskaseko hasiera da; areago, errespetu falta handia, kanpora joan eta inoiz egin behar ez dena, ez Gasteizen ez inon.
"Bistan da bertsoa ez dela oso egokia, eta, "betikoa, berriro" pentsatu genuen barruan geunden askok"
"Gasteizen dena da Mercedes Vito, ta Alaves Baskonia, kanpokoaren gorazarrea (?) ta euskararen afonia". Bistan da bertsoa ez dela oso egokia, eta, "betikoa, berriro" pentsatu genuen barruan geunden askok, hamaika aldiz entzun dugulako edo, hobeto esanda, entzun behar izan dugulako beste lurraldeetatik erdeinuzko komentarioak gure hizkuntza-egoera dela eta.
Baina gaur egun hori esatea arinkeria galanta da. Harrez geroztik denak berdin jarraitu du, ala? Pentsatu al daiteke oraindik, euskara hezkuntza sisteman sartu zela 40 urtetik gora joan direnetik, Araba erdaldunaren klixe zaharra erabili dezakegula 2022. urtean, ezer aldatu izan ez balitz bezala? Milaka euskaldun gara Gasteizen, bertakoak edo kanpotik etorriak, euskara ikasi, gure seme-alabei euskara eman, eta euskara familia-hizkuntza egin duguna. Kito.
Euskararen afonia aipatzea topikoa poltsikotik ateratzea da, oso erraza, konplizitatearen bila, baina faltsua da. Afonia dagoela esateko, zerekin egiten da alderaketa? Bilborekin? Baionarekin? Iruñearekin? Handiagoa da gure afonia besteena baino? Ba, ez dute hori esaten berriki plazaratu diren euskararen erabileraren gaineko emaitzek (Soziolinguistikako Klusterra, 2022ko maiatza). Gasteizen eta Araban, euskalduntze prozesua eta euskal kulturaren transmisioa beste inon baino indartsuagoa izan da, eta horri ez erreparatzea ezjakintasuna, interes falta edo harrokeria hutsa da. Ez dugu pentsatu nahi inor erosoago sentitzen dela topikoaren barruan.
"Hemen, Arabako lurretan, euskaldun asko gara, asko, gero eta gehiago"
Diskurtso aspergarri horrek kaltea baino ez digu egiten, eta euskararen kontra jotzen du zuzenean: dugun egoerarekin, aurkitzen ditugun oztopoekin, egiten ari garen ahaleginarekin... Gure artean txorakerietan ibiltzea ez zaigu komeni eta are gutxiago lurralde bateko edo besteko nagusitasuna edo gutxiagotasuna aireratzea. Nahikoa harrokeriekin eta probintzialismo arlotearekin. Partida hau irabazteko handian jokatu behar dugu, ez txikian.
Hemen, "Arabako lurretan", euskaldun asko gara, asko, gero eta gehiago, euskaldun berriak gehienok, euskaraz bizi garenok naturaltasunarekin, euskaldunen komunitatearen parte sentitzen garenok, ez gehiago, ez gutxiago. Ahaztu dezagun, mesedez, zazpigarren alabaren kontu agoniko hori.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.