Araba izan da beti hauteskunde orokorretan lurralderik aspergarriena. Lau eserleku banatzen dira, eta, normalean, alderdi bakoitzak bana eskuratzen du: EH Bilduk, EAJk, PSE-EEk eta PPk. Hauteskunde lehiari dagokionez, saltsa gutxi. Ez polemika handirik, ezta jendez betetako mitinik ere.
Horregatik, ez gara Arabako berezko hauteskunde kanpaina bat ikusten ari, Espainiako kanpainaren markoa Arabara ekarrita baizik. Ez da izen handirik, ezta lidergo pertsonalista nabarmenik ere. Ez du interesik pizten. Eta, agian, gakoa horixe da: zergatik ez du interesik pizten? Araban, Espainiako hauteskundeak benetako norgehiagokaren itxarongela baino ez dira: udal eta foru hauteskundeen atarikoa, alegia.
Orduan, panorama erabat aldatuko da, eta Araba, bereziki Gasteizen, lehia handieneko lurralde bihurtuko da. Ia dena egongo da jokoan, eta Euskal Herri osoko aldaketa joerak ere markatuko ditu. Hor bai saltsa! Alderdiek ondo dakite hori, eta kanpaina hau baliatzen ari dira udal bozetarako posizioak hartzeko.
PP, esaterako, benetako hautagaia trebatzeko erabiltzen ari da kanpaina. Iñaki Garcia Calvo saltsa guztietako perrexila. Ba al zenekiten, ordea, orokorretako hautagaia Iñaki Oiarzabal dela? Gainera, popularrak etorkizuneko kanpainaren errelatoa baldintzatzen saiatzen ari dira. Horregatik ekartzen dituzte Arabara bira egitera. Xavier Garcia Albiol kasu. Arrazakeria, delinkuentzia eta legez kanpoko immigrazioa dira mahai gainean jarri nahi dituzten gaiak.
Arabako itxurazko lasaitasuna ez da interes falta, kalkulu hutsa baizik
Beste aldean EH Bildu dago. Eserlekua ziurtatuta dauka, eta indarrak gorde behar ditu bere historiako kanpainarik garrantzitsuena izango denerako. Arabak ez du protagonismo handirik hartu kanpaina honetan, baina Rocio Viterok presentzia nabarmena izan du kanpaina nazionaleko une garrantzitsuetan. Subiranistek ez dute Vitero trebatu beharrik, balio segurua baita. Baina argi dute benetako dantza hilabete gutxi barru dela.
EAJ eta PSE-EE, aldiz, antzeko estrategia jarraitzen ari dira. Ahalik eta gutxien agertzea. Arabako sozialistak dena Pedro Sanchezen inguruan birarazten saiatzen ari dira. Badakite duen erakargarritasuna zenbatekoa den, baina, batez ere, Maider Etxebarriak duen tirada eskasa ere ondo ezagutzen dute. Badakite hautagai txarra dutela eta udal bozetan salbatzeko formula Sanchez efektuari etekina ateratzea dela. Jeltzaleei antzeko zerbait gertatzen zaie. Gorka Urtaranen figura dute, eta beren bizitzako marroi handiena. Seguruenik, emaitzarik txarrenak lor ditzaketen hauteskundeak. Talde propioa izateko aukerarik gabe gera daitezke. Beraz, hobe Gasteizko hautagaia gordetzea eta ekaitza igarotakoan ateratzea plazara.
Madrilen eserlekuak jokoan dauden bitartean, Araban beste partida bat jokatzen da. Ez da hainbeste hauek nork irabaziko dituen, baizik eta hurrengoetara nor iritsiko den hobeto. Arabako itxurazko lasaitasuna ez da interes falta, kalkulu hutsa baizik. Benetako bataila gutxi barru hasiko da. Orduan, batzuei zaila egingo zaie ezkutuan jarraitzea.
Zuriñe Rodriguez.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.