1966an, Estatu Batuen eta Sobietar Batasunaren arteko espazio-lehiaren garaian, Kenneth Bouldingek ekonomiaren bi kontzepzio kontrajarri konparatu zituen Etorkizuneko Lur espazio-ontziaren ekonomia izeneko testuan. Alde batetik, jada iraganekoa behar zuen eredua zegoen, cowboyaren ekonomia delakoa, planeta sistema ireki, xahutzaile eta ustiatzailetzat zuena. "Cowboyaren ekonomiak ekoizpena eta kontsumoa balio positibotzat ditu; sistema ekonomiko jakin baten arrakasta produkzio-faktoreen errendimenduaren arabera neurtzen du". Bitxiki, urte hartan bertan argitaratu zen espaziotik lur planetari egindako lehen argazkia; noski, lurraren biribiltasuna aspalditik zen gauza jakina, orain, ordea, irudiekin ere egiaztatu zitekeen.
Nola uler zitzakeen, ordea, western filmetako paisaia amaigabeekin hezitako belaunaldiak munduaren irudi biribil eta mugatu hura? Planeta ere ez al zen, ipar amerikar mendebaldea bezalaxe, ustiaketa infinituaren paradisua? Irudi berri hark munduaren kontzepzio ezberdin bat gorpuzten zuen. Izan ere, agerikoa zen kapitalismo amerikarraren hazkunde esponentziala kontraesan betean zegoela planetako baliabideen izaera mugatuarekin —eta, gezurra badirudi ere, jada 60ko hamarkadako komunitate zientifikoan atmosferaren berotzea giza karbono emisioen ondorioa zenaren hipotesiak bazuen bere indarra—. Cowboyaren ekonomiaren aurka, beraz, Bouldingek etorkizunerako ekonomia "itxi" bat proposatu zuen, astronautaren ekonomia deitu ziona: "lurra espazio-ontzi bat bihurtu da, erreserba mugatudun ontzi bat (…); gizakiok gure lekua aurkitu beharko dugu bertan, lehengaiak kontrol gabe ustiatu ezinik, sistema ekologiko zikliko batekin".
"Agerikoa zen kapitalismo amerikarraren hazkunde esponentziala kontraesan betean zegoela planetako baliabideen izaera mugatuarekin"
Hala ere, beharbada Bouldingek ez zion izen aproposena jarri bere modelo ekologiko berriari. Izan ere, garaiko astronauten eta espazio-lehiaren filosofiak cowboy jarreraren luzapen hutsa zirudien. Behin inguruko herrialde guztien baliabideak lapurtuta, bi mundu-potentzietako sheriffei espazioa esplotatzea falta zitzaien. "Lurra guztiz hondatzekotan, aurkitu beharko dugu bigarren bizileku bat"… hala zioen (eta oraindik ere hala dio) astronauta ahalguztidunengan jartzen zen (eta jartzen den) fede erlijiosoak. Baina, azken urteotan, klima-aldaketaren berehalako ondorioak eta energia-baliabideen urritasuna presente, kolokan jartzen ari da gizateriak "infinituraino, eta haratago" produzitzeko bideragarritasuna. Ez da harritzekoa, beraz, Pixarrek astronautaren mitoa erabat berrirakurri izana —aipatu beharra dago ez dirudiela kasualitatea muxu ziztrin horrekin eskandalizatu diren "incel"ek jainkotzat Elon Musk bezalako figurak izatea—.
Tarteka, Lightyear film nahiko aspergarria izan daiteke, eta argi dago Pixarrek bere urrezko garaiko iruditeriaren originaltasuna ez duela berreskuratuko. Hala ere, animazio-estudioari ez zaizkio ideia interesgarriz jositako gidoiak falta, ezta CGI-zko espektakuluak ere. Baina, batez ere, orainaren inguruko ikuspegi zuhurrak eskaintzen jarraitzen dute. Planetaren etorkizunarekin kezkatuta dirudite oraingo honetan, baita ideologia-makina bezala izan duten iraganarekin ere… Errudun sentituko al dira cowboy eta astronauta jostailuak saltzeagatik? Hots, haurrei, etorkizuneko mundu mugatuaren aurka, desira-infinituaren ereduak saltzeagatik? "Infinituraino, eta haratago" bidaiatzeko ordua pasatu dela dirudi; agian, haurtzaroko oroitzapen gehienekin gertatzen den bezala, ilusio horiek ere behingoz ahaztea komeni zaigu.
Artikulu hau Zinea.eus webguneak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.