Hiru mugimenduko pieza xume eta polisemikoa dugu Introduction, Hong Sang Sooren azken filma. Lehen atalean, aktore bokazioa duen gazte batek aitaren kontsultara joko du eta, nahiz eta filmak bien arteko elkartzea erakusten ez duen, aitaren idazkariarekin eta aktore famatu batekin egingo du topo bertan. Horra hor filmeko lehen "aurkezpena" ("introduction" hitzak ingelesez badu esanahi hori). Bigarren atalean, aldiz, gazte bera Berlinen aurkituko dugu, bertara moda ikasketak egitera joana den bere neska-laguna bisitatzen. Hein batean, bizitzako etapa berri bati eman dio hasiera neska-lagunak, eta baita berak ere (horra hor "introduction" hitzaren bigarren adiera: berria zaien zerbaiten hasiera, hain zuzen). Hirugarren atalean, berriz, protagonista lehen ataleko aktorearekin elkartuko da berriro ere, eta azken hori gaztea antzezpenaren mundua ez uzteko konbentzitzen saiatuko da.
Kontatu dut, bada, lerro gutxitan, filmaren ibilbea, gaur egun horren tabuak diren spoilerrak eginez. Baina, kontua da ez dagoela spoilerrik zuzendari korearraren unibertsoan. Izan ere, argi dago filmeko gertaeren denbora-logikak ez direla kausalitate klasikoaren legeei jarraitzen; baliteke, hortaz, zuzendariaren poetika partikularrera ohituta ez dagoena nahastuta geratzea ordu eta sei minutukoa besterik ez den filmaren kredituak bat-batean agertzean. Horixe ote da "introduction" hitzak filmean gorpuztu nahi duen hirugarren esanahia? Istorioaren beraren izaera partziala? Erakusten ez duen horren guztiaren falta?
Gertaerek edo pertsonaiek baino, xehetasun txikiek gidatzen dute Hong Sang Sooren poetikaren logika ederra: hitz ziztrin batek har ditzakeen esanahi ezberdinak (har ditzagun, bada, ‘introduction’ hitzari ematen dizkion mila dimentsioak), edota keinu txikiak, irudiak, zoomak… Pixkanaka-pixkanaka, xehetasun horien arteko konexioak, askotan zorizkoak diruditenak, amaraun berezi hori ehuten dute, ia ezerezetik, film bakoitzarekin arau propiodun eskema berri bat eraikiz. Urtero bi film berrirekin aberasten duen unibertso horrek baditu, nola ez, bere fetitxeak: zinema zuzendariak, sojua, hondartzak, zigarroak… Oraingo honetan ere denak presente, besarkada baten inguruan jarri ditu biran. Besarkada da eta, seguraski, Introductioneko elementu poetiko zentrala; beharbada zinemagilearen estetikan ageri ez diren mila hutsune horiei babesa eman nahi dizkion keinu xumea.
Artikulu hau Zinea.eus webguneak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.