'In the Mood for Love'

Erabiltzailearen aurpegia Zinea 2021ko ots. 7a, 12:00

'In the Mood for Love'

"Ahaztezina da Maggie Cheungek eta Tony Leungek osatzen duten bikotea"

Chow jaunak, aintzinean egiten omen zenari jarraiki, paretako zulotxo bati xuxurlatzen dio bere sekretua, Chan andrearekin igarotako egunen oroitzapena. Harreman horren inguruan, ordea, nik nahiago nuke oihukatu eta lau haizetara hurrengoa hedatu: zorionekoak gu! Hementxe da urte madarikatua behar bezala ixteko moduko amodio istorioa; Wong Kar-Wai maisuaren In the Mood for Love (2000) ahaztezina.

Filmak hogei urte betetzen dituen honetan, Avalonen eskutik aretoetara ailegatu zaigu zinemaren historiak gordetzen duen maitemin ederrenetarikoa; izan ere, zuzendariaren hainbat zinta izan dira aurten zaharberrituak. 1994. urtean Chungking Express kitzikagarriarekin nazioartean ezagutzera eman zen Hong Kongeko zuzendaria eta, 2000an, bere ospe ona berretsi zuen In the Mood for Love filmak, soilik hogei urteren buruan "klasiko" izendapena lortu duena. Ahantzezina da Maggie Cheungek eta Tony Leungek osatzen duten bikotea, liraina eta otzana, ezaxolaren eta  mendekotasunaren artean dabilena.

Hong Kongen, 1962an, korridore estuetako etxe zaratatsuan alokatzen dituzte Chow eta Chan bikoteek bakoitzak bere gela. Etxe-aldaketaren egunean bertan ezagutzen dira Chow jauna (Leung) eta Su Lizhen, Chan andrea (Cheung). Bi-bien bikotekideek etxean denbora gehiegi ematen ez dutenez gero, bakarrik dabiltza eskaileretan gora eta behera haiek, noizean behin, errespetuzko hitz lotsatiak elkarri zuzenduz.

Alabaina, bataren emazteak eta bestearen senarrak elkarrekin hasitako affaireaz ohartuz doazen heinean, haien harremana ere geroz eta estuagoa bilakatuko da. Samina baretzeko, haien bikotekideen artean maitasuna zerk eta nola piztu ote zuen ezagutzen tematzen dira Chow eta Su Lizhen, alegiazko hitz goxo eta begirada iradokitzaileak beraiek gorpuzten.

Su Lizhenek berak aitortzen duenez gero, baina, amodioa harrapatu ezin daitekeen instant bat baino ez da. "Desagertutako urte horiek gogoratzen ditu. Hautsez betetako leihotik begira balego bezala, iragana ikusi zezakeen, baina ez ukitu. Eta ikusten duen oro lausoa eta nahasia da". Denborak ezin dezake maitasuna gorde, behin igarota, ez baitago iraganera itzultzerik. Maitasuna mementoa da, kronologiarik eta kausarik gabeko tokia, denboran azaldu ezin daitekeen babeslekua.

Hala bada, maiteminaren txoko guztiak zeharkatzen ditu behin eta berriro Kar-Waik: bulegoa, etxea, eskailera, karrika estua, korridorea…  Errepikapena da 62ko egun haietara itzultzeko ahalegina, hau da, maitasun hura berreskuratzeko saiakera, zeinetatik dagoeneko ez baiten ezer geratzen.  Ispiluen isladan, errezelen babesean edo izkinen bueltan soilik topatu dezakegu fereka samurrenen oihartzuna.

Desioak eta asebetetzeko zailtasunak hezurmamitzen du Chow eta Su Lizhenen harremana, Days of Being Wild (1991) eta 2046 (2004) filmekin osatzen da. Sentsuala eta poetikoa bezain beste, lotsagabea eta ausarta ere bada In the Mood for Love ikustaldi bakoitzean ernaltzen diren galderek "quizás, quizás, quizás" baino ez dute bueltan jasotzen.

Albiste hau Zinea.eus webguneak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago