'Mateoren ama'

Erabiltzailearen aurpegia Ixone Santamaria Vidan 2020ko uzt. 24a, 12:00
'Mateoren ama'/ Moriarti Produkzioak

"Lehen hurbilketan errealista dirudien obra fantasian murgiltzen da"

Korterraza film laburren jaialdia ospatu berri da Gasteizen. Doinu erlaxatua eta familiarteko giroa lau egunetan. Konfinamenduaz geroztik, gonbidatutako zuzendari askorentzat hauxe izan da haien lanak "haragizko" publikoaren aurrean aurkezteko lehen aukera. 

Erakustaldiak fikziozko 58 lan aurkeztu ditu Iparraldeko Parkera hurbildu diren zale guztien aurrean. Edizio berezi hau burututzat jo badezakegu ere, ez dezagun ahaztu ez dela guztiz amaitu; hurrengo hilabeteetan Arabako herrietan zehar ibiliko dira bidaian Gasteizen ikusitako zenbait film labur, erakustaldia zabalduz.

Atal ofizialaren tituluen artean, euskarazko bi lan egon dira ikusgarri; bi-biak distira berezidunak: Mirokutana (2019) eta Mateoren ama (2019). Lehenak, izen bereko produkzioek sortua, gaztaroaren eta fantasiaren mugei buruz hausnartuko du, bi lagunek elkarrekin pasako duten azken eguneko barrabaskerien harira. Bigarrena, Handia (2017) edo La trinchera infinita (2019) film sarituen sortzaileen azken lana dugu, gertukoa bezain asaldagarria.

Iban Zalduak idatzitako Ama ipuinean oinarrituta sortzen da Mateoren ama; 2019an zehar Donostiako Zinemaldiko Zinemira atalean edo Zinebi jaialdian aurkeztua izan ondoren, publiko gasteiztarrak ere, azkenean, dastatu ahal izan duena. Aitor Arregi zuzendaria bertan egon zen jaialdiaren azken egunean, bere lanaren aurkezpen txikia egin ahal izateko. Filmaren harira,  memoriaren izaera bi noranzkoduna azpimarratu nahi izan zuen Arregik: gogoratzea eta gogoratuak izatea, hain zuzen ere.

Izan ere, parametro horiexen artean laburbildu daiteke obra. Agure egoitza batean bizi den amaz ez da asko oritzen Anjel Mari semea; alabaina, azkenik amari bisita egiten dionean, hark ez du semea ezagutuko. Lehen hurbilketan guztiz errealista dirudien obra fantasian murgiltzen da azkar, zer-demontre-da-ikusi-berri-dudanaren sentsazio aberasgarria piztuz ikuslearengan. Anbiguetatean mugitzen da narrazioa.

Oinarrian dagoen ideiak sinplea badirudi ere, anbiguotasunean mugitzen da, ezustez betetako istorio interesgarria lortuz. Hasieratik ikuslea harrapatzea lortzen dute Itziar Aizpuru eta Mariasun Pagoagaren interpretazio sendo eta hunkigarriek. Goenagaren zuzendaritzapean dagoeneko egondako bi emakumeek bizia ematen diote, dudarik gabe. Bestalde, aipatzekoa da Javi Agirreren argazkilaritza lan txukuna, egoitzaren lau paretetatik atera gabe, memoriaren bazterretan bidaia ahalbidetzeagatik. 

Lanak epaimahairen bigarren saria eskuratu zuen; podiuma Un coche cualquiera (2019) obra fin arabarrarekin partekatuz. Lehen saria Javier Marcoren A la cara (2020) kitzikagarriak irabazi zuen, Hanekeren zinemarekin alderaketa ere jaso zuena.

Albiste hau Zinea.eus webguneak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide