'Isle of dogs'

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Zumeta 2018ko api. 30a, 19:01
'Isle of Dogs'.

"Entretenigarria bada ere, ez diot mami gehiegirik aurkitu; ez hotz ez bero utzi nau".

Zakurra, gizakiaren lagunik onena dela diote, hala izango da, auskalo, nik ez dut sekula izan (zakurrik, esan nahi dut). Batzuetan nire buruari galdetu izan diot ea gizonaren lagunik hoberena izatearen esaldia estatubatuarrek ez ote zuten asmatu, gero artzai txakurrekin oroitzen naiz, edo barkutako itsas txakurrekin, eta tira.

Wes Andersonen azken lana gutizia estetikoa dela aitortu behar dut. Zakurren Irla izena du, eta izenburuak tramaren inguruko zerbait argitzen digu, gutxi bada ere. Stop motion teknika erabili dute animaziozko zinta gauzatzeko, lan handia eskatzen duen teknika, Òabardura eta detaile guztiak neurtuta. Kontrolpean behar dira argazkiz argazki, fotogramaz fotograma, animatzen diren argizarizko pertsonaiak. Esan bezala argazkia, irudiak, estetika gozagarriak dira guztiz, benetan goraipagarria eta eskertzekoa da hartutako lana. Stop motion-az gain, ohiko animazioa ere txertatuta dago filman: marrazki bizidunetaz baliatuko dira telebistan agertzen diren irudiak irudikatzerakoan, hauek ere oso trebeki landuak. Plazer bat, zer nahi duzue esatea.

Zinta entretenigarria egiten bada ere ez diot mami gehiegirik aurkitu. Esan bezala lan handia eskatzen duen prozesua dauka, eta emaitza ezin hobea da, baina, edukiak, ozta-ozta, ez hotz ez bero utzi nau: "Zer moduz dago?" galderari, ongi huts batekin erantzuteko besterik ez.

Egia esan zuzendariaren jarraitzailea naiz eta, orokorrean, gustora ikusi izan ditut haren filmak. Honetan ere, bere ohiko umore ikutua ageri da etengabean, absurdoa, garratza eta naif-a nahasten, beti bezala. Kontua da, agian, animaziozko zinta bati irudi errealean filmatutako bati eskatzen diodan berdina eskatzen diodala.

Irudiaz gain eduki aldetik mardula izatea ez da gehiegi eskatzea, eta Andersonek ondo egiten du bere lana, baina edukiak alderdi batzuetan kutsu falozentrikoegia hartzen du: arreta deitzen dit pisuzko paper guztiak gizonezkoek burutzea, arrak hobe esanda, zakurrak direlako asko, literalki, ez nazazue gaizki ulertu.

Emakumezkoen presentziak,  ordea, garrantzia dauka baina pertsonaia gutxi daude, eta argi dago zein den azken helburua: gidoilariak beretzako diseinatu duen gizonezkoarekin amaitzea, horretarako daude emakumezkoak filme honetan, tramari bizigarri bat emateko, interesa sortzeko eta amaieran sari gisa eskainiak izateko. 

Zinta interesagarria da, eta arrazoi ugari dago ikustera hurbiltzeko: ederra eta arina da, polita. Baina zuzendariari bizitzan emakume gehiagoz inguratzea gomendatuko nioke, eta ez bakarrik interes erromantiko-sexuala pizten diotenekin, emakumezko lagunak egin ditzala gomendatuko nioke, hurrengo lanerako akaso baliogarria izango zaiolako.

Albiste hau Zinea.eus webguneak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide