Iritzia

Banpiroen gaua

Erabiltzailearen aurpegia Txema Ramirez de la Piscina 2026ko martxoaren 14a

Argazkia: EKAITZ ANDA/ ALEA

"Denborak larrua zartatu ditugu. Duintasuna, baina, ez da higatu. Oso-osorik dago"

Igaro da. Gasteizen gertakizun kanonikorik bada, hori Martxoak 3a da. Zalantzarik gabe. Hiriaren erraietan odolez grabaturik dagoen data. Hiritarren memorian iltzatuta geratu den eguna. Belaunaldi desberdinetako jendearen begiak hezetzeko gai den efemeride tragikoa. Justiziarik egin ez delako. Inpunitateak bere horretan dirauelako. Ametsak bizirik daudelako. Denborak larrua zartatu digu. Duintasuna, baina, ez da higatu. Oso-osorik dago, duela 50 urte bezala.

Herriaren jarduera eta narratiba ofizialak bide desberdinetatik doaz. Ez datoz bat. Ez orduan, ezta orain ere. Duela 50 urte, komunikabide ofizialetan nagusitu zen narratiba hauxe zen: "Gertaerak asaldatzaile profesionalen obra dira". Jendeak ez zuen sinetsi. Kaleak egia eta justizia aldarrikatzen zituen. 2026an, asaldatzaile profesionalen tokia banpiroek hartu dute: "Ezker abertzaleak banpirizatu egin du Martxoak 3". Horixe izan da agintarien lelo nagusia. Errealitateak beste zerbait erakutsi du.

Otsailaren 28an Europa jauregian izandako ekitaldia eta Martxoaren 3an Gasteizko kaleetan bizi izandako kontzentrazio eta manifestazioak eredugarriak izan dira. Hunkigarriak oso. Memoria. Duintasuna. Justizia. Langileen harrotasuna. Emakumeen protagonismoa. Horiek izan dira ardatzak. Zehar lerroak. Adin eta pentsamolde desberdineko jendea elkartu zen martxoaren 3an Andre Maria Zuriaren plazan eta inguruko espazio eta kaleetan. Jendez mukuru zegoen. Ohiko moldeetatik at bereiztu zen ekitaldia izan zen. Plaza solemnitatez bete zen.

Une eta parte hartze hunkigarriak izan ziren. Jon Maiaren interbentzioa bikaina, benetan. Baita, emakume dantzari batek kutxa baten gainean —hilkutxa bailitzan— biktimen senideen aurrean dantzatu zuen ohorezko aurreskua ere. Hari begira, bildutakoon arnasa izoztu egin zen. Dantzariak bere pieza arrakastaz burutu zuenean, txalo zaparrada izugarria izan zen. Hildakoen memoria gogoan, emakumeen protagonismoa lehen lerroan. Irudi indartsua oso. Ikonikoa. Emakumearen aurpegian eta kutxa bizkar gainean sostengatzen zuten pertsonen bisaietan unearen transzendentzia islatzen zen. Plaza beteta. Isiltasun ikaragarria. Bihotzak ukituta. Une magikoa. Gau horretan bizi izandakoa banpiroen lana bada, benetan ugaztun magikoak dira.

Txema Ramirez de la Piscina.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago